Errezilgo auzoetxeak ekintza ugari antolatzen ditu emakumeen arteko harremanak sendotzeko. Ekainaren 30ean hasi ziren 22 emakume txapelketarako entrenatzen.
Emakumeen futbol txapelketa jokatu dute Errezilen. Seina pertsonako hiru talde osatu dituzte, eta elkarren kontra jokatu dute. Talde berdea izan da txapelduna, hirutik bi partida irabazita. Errezilgo auzoetxetik antolatu dute egitasmoa, bigarren urtez jarraian. Aurten, gainera, emakume gehiagok eman dute izena, eta beraz, balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.Izaro Zinkunegi da futbol lehiaketan parte hartu duen emakumeetako bat, eta hark azaldu du «emakumeen arteko harremana sendotzeko asmoarekin» hasi zirela txapelketa antolatzen. Ekainaren 30ean hasi ziren entrenatzen errezildarrak, eta 22 emakume ibili dira futbolean azken hilabetean. «Emakumeen sektorea garrantzitsua da auzoetxean, oso ondo erantzuten baitiete Errezilgo emakumeek antolatutako ekintzei», azaldu du Zinkunegik.
Kirolarekin lotuta, pala txapelketa ere antolatu zuten joan den urtean, eta Emakumearen Eguneko mahai-inguruan ere parte hartu zuten. «Pozgarria da halakoak antolatzea; azken txapelketan, esate baterako, 16 eta 45 urte bitarteko emakumeak bildu gara», esan du taldeko kideak.