Gorka Larrañagaren azken lanak ikusgai daude Donostiako Arteztun

Ana Abarisketa 2015eko uztailaren 30a

Artista azkoitiarraren 'Nemours' erakusketa abuztuaren 8ra arte ikus daiteke Donostiako arte galerian. Azken hamar urteetan Mexiko Hiria du bizileku.Badira hamar urte Gorka Larrañaga Iranixe-k jaioterria utzi (1974, Azkoitia) eta Mexiko Hirirako bidea...

Artista azkoitiarraren 'Nemours' erakusketa abuztuaren 8ra arte ikus daiteke Donostiako arte galerian. Azken hamar urteetan Mexiko Hiria du bizileku.

Badira hamar urte Gorka Larrañaga Iranixe-k jaioterria utzi (1974, Azkoitia) eta Mexiko Hirirako bidea hartu zuela. Urtean bitan saiatzen omen da Euskal Herrirako bidea hartzen, eta, hain justu, herrian da egunotan, bere azken obrak ikusgai baitaude Donostiako Antiguo auzoko Arteztu galerian (Resurreccion Maria Azkue Kalea, 12. zenbakian). Abuztuaren 8ra arte, larunbata, egongo dira ikusgai, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara; eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara.

Nemours izenburupean aurkeztutako azken lan honek sorrera berezia du atzetik. Maria Jesus Perez artista bilbotarrari Facebook-eko bere horman zintzilikatutako argazkiak «lapurtu» zizkion azkoitiarrak. «Maria Jesus argazki kamera soinean duela ateratzen da beti kalera, eta, Facebooken eskegitzen ditu egunean zehar ateratako argazkiak», azaldu du azkoitiarrak. «Lagunak gara, eta, erakusketarako sinergia ariketa bat egin dugu». Sare sozialetatik hartutako argazki hauek ordenagailuan manipulatu ditu Larrañagak, arkatza eta pintura erabiliz.

Erakusketaren intentzioa zera da: arakatzea norbanakoak sare sozialetan eman edo erakutsi nahi duen irudian. «Lan honetan agerian utzi nahi dugu intimitatea galdu dugula», eta horretaz mintzo da artelan bakoitzean.

Gogoetara bultzatzeaz gain, «estetikoki ederra» den erakusketa muntatzea nahi izan du. «Gaur egungo arte garaikidean ez dago hain garatua edertasuna; beraz, nahi izan dugu zerbait narratiboa egitea».

Bi artista hauez gain, Jon Andoni Martinezek eta Daniel Benitezek hartu dute parte erakusketan.

Donostiatik Mexikora

Erakusketaren etorkizunaz galdetuta, Mexikon jarraipena izango duela erantzun du Larrañagak, eskuartean baitute udazken aldera, urrian edo azaroan lanak Mexiko Hirian ikusgai jartzea. «Maria Jesusek hogei urte inguru daramatza Mexikon eta nik beste hamar; beraz, ondo legoke han ere erakusketak jarraitzea».

Abuztuaren 24ra arte geldituko da Larrañaga Euskal Herrian eta, beste behin, orduan helduko dio Mexikorako bideari. «Artistentzat leku aproposa da Mexiko Hiria, eta asko gustatzen zait bertako bizimodua», esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide