Badatoz andramaixek, herriko festak eta Azkoitia iluna

Iraitz Otaño Mujika. 2015eko uztailaren 30a

Beste urte batez iristear da abuztua, han eta hemen festaz beteriko hilabetea izan ohi da Euskal Herrian, eta gurean ere tokatzen dira. Denontzat ezagunak diren Andramaixek, festaz gozatzeko, edo nazkatzeko, bost egun izaten ditugu azkoitiarrok. Askok ...

Beste urte batez iristear da abuztua, han eta hemen festaz beteriko hilabetea izan ohi da Euskal Herrian, eta gurean ere tokatzen dira. Denontzat ezagunak diren Andramaixek, festaz gozatzeko, edo nazkatzeko, bost egun izaten ditugu azkoitiarrok. Askok uda sasoiko oporretan ingeniaritza planak egiten dituzte festak ez galtzeko. Beste batzuek, ordea, alderantziz, herritik geroz eta urrutiago egon, hobe. Neu, oraindik behintzat, lehenengoetarikoa naiz, herrimina sortuko lidake egun horiek hemendik kanpo egoteak, baina ez Andramaixengatik, herriko festengatik baizik.

Esango didazue: baina herriko festak eta Andramaixek ez al dira ba gauza bera? Erantzuna, niretzat noski, ezetz da.

Alde batetik, Andramaixek dauzkagu, demokristauz beteriko herri batean bizi garela uste dut inork ez duela zalantzan jartzen ezta? Ba horretara noa, Andra Mariak ditugu herrian. Estatu laiko eta akonfesional batean bizi garela esan ohi da, baina praxiak argi eta garbi erakusten digu hau ez dela horrela. Azkoitian egon den gobernu aldaketak beste behin demokristauz bete digu udal gobernua, eta honen ondorioetariko bat izango da ziurrenik berriro izango dugula udal ordezkaritza ofiziala Andramaixetan. Traje eta soineko dotoreak armairutik atera eta mezetara joateko garaia izaten da hau bost egunez.

Bestalde, herriko festak ditugu, hauek dira herrimina sortuko luketenak nire barnean ez banintza herrian egongo. Hauek dira herriaren jaiak: txoko ezberdinetan egoten diren jolas eta txapelketak, elkarteetan edo herriko plazetan ospatzen diren lagunarteko otorduak edo plazan egoten diren kontzertu eta parrandak. Denak kutsu erlijiosorik gabeak, trajea atera beharrean kuadrillako kamiseta ateratzea eskatzen dutenak eta jendeari poza eta ilusioa ematen digutenak.

Eta azkenik, Azkoitia iluna daukagu, bortxa, tortura eta erasoen Azkoitia. Pertsona nahiz animalien aurkako iluntasuna. Gogoratzen dudanaren arabera, eraso sexistarik ez da egon herrian azken urteotan, nik jakindakorik behintzat, beste behin horrela pasatzea espero dut abuztua. Baina bestelako bortxa eta torturak gertatzen dira gurean urtea joan eta urtea etorri, hortxe dauzkagu idi probak eta animaliekin egiten diren beste ikuskizunak. Donostian zezenak berriro jartzearen aurka ziur nago azkoitiar asko egongo dela eta zorionak horregatik baina, herrian ere baditugu animalia batzuk antzekoa pairatzen dutenak.

Hiru alderdietatik nik bigarrena ospatzea erabaki dut aurtengoan ere, lehenengoa errespetagarria iruditzen zait baita ere, estatu/eliza bereizketa eginda noski! Eta hirugarrena, zer esango dizuet ba... espero dudala datorren urtean lehenengo biak bakarrik izatea eta Azkoitia ilun hori betiko ezabatzea.

Ondo pentsatu zer aukeratzen duzuen!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide