ELAk eta LABek Gerdauko lan hitzarmenaren aurreakordioa salatu dute

Ana Abarisketa 2015eko uztailaren 29a

Azkoitiko enpresak gehiengo sindikalarekin hitzarmenaren aurreakordioa adostu du: CCOO, UGT eta USO sindikatuekin. ELAk eta LABek "neurri murriztaileak" direla diote

ELA eta LABek Gerdau enpresaren atarian elkarretaratzea egin zuten pasa den ostiralean. (Ana Abarisketa) Azkoitiko Gerdau enpresako zuzendaritza lan hitzarmen kolektiboa sinatzeko aurreakordiora iritsi da enpresako gehiengo sindikala osatzen duten CCOO, UGT eta USOrekin –hiru sindikatuek zazpi ordezkari dituzte guztira–. Egoera honen aurrean haserre dira ELA eta LAB –hiruna ordezkari dituzte–, hitzarmen honek "neurri murriztaileak" ekarriko dituela baitiote. Atzo goizean batu ziren azkenekoz enpresako zuzendaritza eta gehiengo sindikala. Gerdau enpresako prentsa bulegotik hala baieztatu zioten Hitzari, baina momentuz ez dute inolako adierazpen edo baloraziorik egiteko asmorik. ELA eta LAB sindikatuek, berriz, jakinarazi dute lan hitzarmen berri hau datozen lau urteetan egongo dela indarrean, eta soldaten "%5,3 inguruko beherapena" ekarriko duela, urteko lanegunak bost gehiago izateaz gain. Sindikatu abertzaleen iritziz, hitzarmenak murrizketa gehiago besterik ez du ekarriko eta, aldi berean, langileen eroste ahalmenean "izugarrizko galera" ekarriko du, KPI –Kontsumo Prezioen Indizea– eta soldatak ez direlako bat etorriko. Enpresak egun duen produktibitate maila eta egoera ekonomikoa dira bi sindikatuek mahai gainean jarri duten beste gaia. Izan ere, hauen iritziz, "Gerdau zorrik gabeko eta balantze orekatua duen enpresa da". ELAk eta LABek gogor jo dute gehiengo sindikalaren aurka, eta "irabaziak handitzea besterik nahi ez duen zuzendaritza babestea" leporatu diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide