Luis Arregi ‘Izpizu’ (Ana Abarisketa)
Nola hartu zenuen albistea?
Duela hiru aste alkateak kalean gelditu ninduen berria emateko. Ezustean harrapatu ninduen, eta momentuan erantzun nion nahiago nuela ez onartu gonbidapena. Handik hamazazpi egunera deitu zidaten berriz, baina ordurako asimilatuta nuen, eta ezin ezetzik esan. Poza eman zidan, baina ikara ere sentitu nuen.
Ez zara protagonismo zalea.
Batere ez. Adibide bat jarriko dizut: nahiago izaten dut Plaza Berritik ibiltzea baino, atzeko kaletik ibiltzea. Hantxe dugu Elikadura Bankua, eta gustura ibiltzen naiz bake-bakean.
Andramariak gustuko dituzu?
Ez naiz batere festa zalea. Baina herrian izaten gara festetan, tonbolan aritzen naiz-eta.
Txupinazoa ikusteko ohiturarik ba al duzu?
Normalean ez dut ikusi ere egiten, ordu horretan tonbolan lanean izaten naizelako. Aurtengoan, ordea, boluntario lana egiten dutenen izenean botako dut txupinazoa.
Zer da egitarautik gehien gustatzen zaizuna?
Garai batean pilota partidak ikustera joatea asko gustatzen zitzaidan, baina urteak dira ez garela joaten.
Noiz hasi zinen boluntario lanetan?
24 urterekin hasi nintzen. Gaztetan izaten den egonezinak sortu zidan zerbait egiteko nahia, eta Kimu izeneko talde bat sortu genuen herrian. Hitzaldiak, ibilaldiak eta zine forumak antolatzen genituen. Orduan alkatearen etxera joan behar izaten genuen hitzaldiak antolatzeko baimena eskatzera, demokraziarik ez zen-eta artean. Gero, bare-bare pasatu nituen urte batzuk, 1978an Zaharren Egoitza berria egiteko batzordean sartu nintzen arte. 28 urte egin nituen bertan, mantentze lanetan eta batzarkide gisa.
Zer nolako lanak egiten zenituzten Zaharren Egoitzan?
Gure hasierako lana zen, herri mailan, enpresaz enpresa hilean 100 pezeta eskatzea langile bakoitzari. Nagusiei enpresan batutakoaren bikoitza eskatzen zitzaien. Orduan ez ziren egungo diru laguntzak izaten.
Eta zer etorri zen gero?
Gero Xabier Munibeko guraso elkartean sartu ginen, eta Ikaskirol sortu genuen, eskolaz kanpoko kirola sustatzeko. Gazte mordoa batu zitzaigun, eta sei urte egin nituen bertan. Odol emaileetako batzordean sartzeko eskatu zidaten gero, lehendakariak kargua utzi beharra izan zuelako, eta orain arte.
Gustura al zabiltz odol emaileetan?
Bai, odol emaileen jarduerak herritar guztien babesa du, izan ezkertiar edo eskuindar, denon premiazko zerbait delako. Sekulako jende pila ezagutu dut odol emaileen taldeari esker, eta lagun asko egin ditut. Niretzat oso aberasgarria izan da.
Caritasen ere aritzen zara.
Caritasen hasiberria naiz, lau urte eta erdi damazkit. Orduantxe nengoen aurre jubilatuta, eta kolaboratzen hasteko deitu zidaten, eta ezin ezetzik esan.
Elikadura Bankuan egon al zara hasieratik?
Ez, harreran hasi nintzen, baina oso gogorra egiten zitzaidan, burokrazia dela-eta batzuetan ezetza eman behar izaten delako; eta osasunean nabaritzen hasi nintzen.
Eta aldatzea erabaki zenuen.
Bai, orain, lehen ez bezala, egunero jasotzen ditugu azken minutuko elikagaiak herriko supermerkatuetatik, eta astean bitan banatzen ditugu. Zentzu horretan, benetan eskertu nahi diet beti emateko prest dauden herritar horiei, izan baserritar, merkatari edo bizilagun.
Zer eman eta erakutsi dizu boluntario lanak?
Asko eman dit, eta lehen behintzat, neuk ematen nuen adina jasotzen nuen. Zaharren Egoitzan, esaterako, sekulako eskertza egiten zidaten zaharrek, eta gustura etortzen nintzen etxera. Zentzu horretan, izugarri eman dit boluntario lanak. Guztien artean Caritas da orain arte topatu dudan lanik gogorrena.
Azkoitiak badu eskuzabala izatearen ospea.
Herria borondatetsua da, eta asko ematen du, dudarik gabe. Beste kontu bat da boluntario lana egitea eta, uste dut, kultura hori ez dugula oraindik oso barneratua. Nire ustez, osasuna dugunok zorra dugu ez dutenekiko. Geroz eta konbentzituago nago horretaz.