Ipaka Asteko janari dastaketa, iaz, Balda plazan (Olatz Prat)
Gaurtik hasi eta ostiralera bitartean iraungo du eleaniztasunaren festak Azkoitian, horixe baita, Ipaka Astearen nahia, hain zuzen, herria osatzen duten kultura anitzak elkarlanean jarri eta jai giroan elkar hobeto ezagutzea. Hiru egunetako egitarau oparoa prestatu du horretarako Auzoko proiektuak. Ipaka Astea 2013tik egiten da urtero Azkoitian.
Egitarauari erreparatuz, umeen eguna prestatu dute gaurko antolatzaileek, eta beraintzat prestatutako tailerrak egongo dira herriko plazan, 18:00etatik aurrera. Munduko jolasak eskainiko dituzte, guztiek parte hartu dezaten. Jarraian, dagoeneko apainduta dituzten karrozekin kantujira egingo dute, hau ere herriko plazan.
Biharko, berriz, txango bat prestatu dute Aittolatik zehar. Liburutegi paretik izango da irteera, goizeko 10:00etan, eta arratsaldeko 16:00etan itzultzea aurreikusten dute. Pakistandarren kriket partida ere jokatuko dute egunean zehar.
Ostiralean, azken egunean, munduko janariek hartuko diote lekukoa kirolari. Arratsaldean hasita munduko hainbat taldek girotuko du plaza. Probatu ahal izango dira Senegal, Sahara, Pakistan, Maroko eta Errumaniako jakiak. Ondoren, eta Ipaka Asteari bukaera emateko, jaki guztiekin afari dastaketa egingo dute 20:30ean.
Antolatzaileek herritar oro gonbidatu nahi dute aniztasunaren festan parte hartzera. «Elkar hobeto ezagutzeko balio duen festa da», diote, ondo pasatzeko festa dela azpimarratuz. Eta gaineratu dute, Ipaka Astea posible egiten duten herritarrak gogotsu daudela euren jatorrizko ohiturak gainerako herritarrekin partekatzeko.