Iazko Duatloi Herrikoia Azkoitiko kaleetan (Ane Olaizola)
Bigarrengoz antolatu du Azkoitiko Triatloi Taldeak duatloi herrikoia. Hitzordua ostiral arratsaldean izango da, 19:00etan, herriko plazatik hasita. Bederatzi kilometroko ibilbidea egingo dute: bi kilometro korrika, sei bizikletan eta azken kilometroa berriz ere korrika. Bertan batuko dira Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo kirolzaleak, saio azkar bezain ederrean lehiatzeko. Aitor Benitez
Tertzio taldeko kidea dabil burubelarri "herri mailan gozatzeko" proba antolatzen.
Duela lau bat urte, belaunaldi aldaketa eman zen Azkoitiko Triatloi taldean, eta, horrek ekarri zuen mota ezberdinetako lasterketak antolatzen hastea taldea. Batetik, Euskal Herriko duatloi zirkuituen barruan kokatzen den proba bat antolatzen dute, eta maila handiko kirolariak ekartzen ditu lasterketak herrira -apirilaren 20an izan zen azken proba-. Baina maila xumeagoko kirolari batzuk ez dira parte hartzen ausartzen halakoetan. Burutazio horretatik sortu zen proba herrikoi bat egiteko nahia. Federatuta egon ez arren, mendiazale, korrikalari eta txirrindulari oro batzen duen proba herrikoia egitearena.
Proba xumea izanik, Benitezi ez omen dio lan handirik suposatzen duatloi herrikoia antolatzeak. Udaletxean aulkiak, musika ekipoa eta hesiak eskatu, kopa batzuk erosi eta zirkuitua mugatzen duen zintak HITZAri hartzea "besterik ez" dela dio. "Egunean bertan 15 bat boluntario batu, zintekin zirkuitoa markatu, bakoitza bidegurutze batean kokatuz, eta kito izaten da". Erraz egiten dituzte, beraz, aurreko lanak.
Duela bi urte batu ziren herriko kirolzaleen taldeak elkarlanean jarduteko asmoz. Proba hau Benitezek berak antolatu badu ere, egunean bertan elkarlanean arituko dira Anaitasuna Mendi Bazkunako kideak, Anaitasuna Futbol Taldekoak, Xeye Atletismo Taldekoak, Ormaetxea Txirrindulari Elkartekoak etabeste hainbat eta hainbat herritar. "Elkarri laguntzen" ibiltzen dira beti, izan ere, talde horietako guztietako kideak.
Izen ematea, egun bertan
Saioan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman ahal izango dute izena. 17:00etatik 18:30era bitartean izango da hori, musutruk. Kaskoa erabiltzea ezinbesteko baldintza da, eta mendiko bizikletarekin irtetea posible da. Ezingo dute parte hartu triatloian federetuek. Beste nahitaezko baldintza da Azkoitian, Azpeitian edo Errezilen erroldatuta egotea. Izan ere, duatloia izatez herrikoia bada ere, hiru herrietako kirolariak daude Azkoitiko Triatloi Taldean, eta horrexegatik zabaltzen dute partaidetza. "Beti entrenatu izan dugu elkarrekin, eta nahi dugu denak bertan izatea".
Iaz, uste zutena baino jende gehiago batu zen lasterketara, guztira 61 lagun, horietatik zazpi emakume. Aurtengoan pasa den urteko zenbakiak hobetzeko asmoa dute. "Zer motatako lasterketa izango zen duda egingo zuten batzuek, eta, beharbada, horregatik, ez ziren animatuko iaz", iritzi dio Benitezek. Baina kirolzaletasuna punta-puntan dago, eta herritar gehienek egiten dute egun kirola. Horiek guztiek dute tokia ostiraleko II. Duatloi Herrikoian.