Imanol Aleson Ehunmiliaken helmugan (Goierriko Hitza).
Hirugarren aldiz irabazi du aurten
Ehunmiliak mendiko proba luzea Imanol Alesonek (Azkoitia, 1973). «Gauza hauek lortzeko asko entrenatu eta sufritu behar da», dio. Probaren seigarren edizioa jokatu da aurten eta denetan parte hartu du: hiru alditan irabazi du, bitan bigarren egin du eta urte batean erretiratu egin behar izan zuen, hanketan kalanbreekin hasi zelako.
Atseden hartuta dagoeneko?
Beno, oraindik pixka bat hankak minduta ditut, 24 ordutan ibili ondoren normala da. Bestela fisikoki ondo nago, eta nahiko ondo ari naiz errekuperatzen. Jan eta edan egin dugu eta igerilekuan bainuak ere hartu ditut, poliki geure onera etortzeko.
Proba honetan gehien aurten gozatu duzula esan duzu.
Sei edizioetatik eguraldiak ere gehien aurten lagundu du. Aurrekoetan eguraldi txarrak egin dizkigu: zaparradak, gau txarrak... Aurten hasieran bero pixka bat egiten zuen, baina larunbatean korrikarako primerako eguraldia zegoen. Gehien aurten disfrutatu eta gozatu dut.
Hala ere, momentu motelak egongo dira, ezta?
Bai, beti daude, bai perfilen, aldapen eta kilometroen arabera. Proba hauetan gorputza dosifikatzen jakin behar da. Neure erritmoa hartu eta besteen erritmoarekin ez itsutzen saiatzen naiz. Aurten ere hala egin dut: hasieran bosgarren eta seigarren joan nintzen; gero, hirugarren, eta poliki aurrea hartu nuen. Proba hauetan irabazten duena gehien agoantatzen duena da.
Prestatzeko aurrez ere kilometro piloa egin beharko dira.
Suhiltzailea naiz lanbidez, eta dudan ordutegiak entrenatzeko aukera handia ematen dit, baina gorputzak ere asko lagundu behar du. Erraza da esatea egunero entrenatu behar dela, baina gorputzak eguneroko hori ere asimilatu egin behar du, eta ez da hain erraza, lesioak-eta datozelako. Muskularki gorputz pribilejiatu bat daukat, nire giharrek ematen diedan egur dena agoantatu egiten dute, alde horretatik zorteko naiz.
Buru aldetik, psikologikoki nola prestatzen zara?
Ez dakit mentala edo egoskorra, burugogorra izatea den kontua. Mendian bakarrik ibiltzea oso gustukoa dut, eguneroko entrenamendua bakarrik egitea, neure erritmoan eta neure burua kontrolatuz, zenbateraino den-eta. Horrez gain, urteetako esperientzia ere bada. 20 urterekin norbere burua eta gorputza ezagutzea zaila da; nik ia 42 urte ditut, eta urte asko daramazkit honetan: esperientziak, egindako kilometroek, orduek eta mendi piloak asko laguntzen dute.
Bakarrik diozu, baina proban emaztea eta lagunak gertu izaten dituzu.
Bai, horiek ez dute hutsik egiten eta eskerrak. Korrika nik egiten dut, baina nire atzetik emaztea, alabak eta jende pilo bat dago. Etxean jarraitzailerik handiena edukitzeak lagundu egiten du. Etxekoek nik egiten dudan hau ez balukete segituko eta haien laguntzarik gabe hau ezinezkoa litzateke.
Beraz, sasoiko egoteaz gainera antolaketa bat ere behar al da horrelako proba luzeetarako?
Bai, dena antolatu beharra dago: proben egutegia, lana, entrenamenduak, emaztearen lana, alabak, etxeko jira, denbora librea... Nik ez daukat ez entrenatzailerik eta ez medikurik, eta nire aurreko urteetako esperientziaren arabera jarduten dut: entrenamendu denak apuntatzen ditut, orain dela hamar urtetik. Urtero antzeko planifikazioa ematen saiatzen naiz, baina inguruko dena kontuan hartuta. Gauza asko antolatu behar dira. Polita da Ehunmilietan aurrena egitea eta Beasaingo argazkia, baina horren atzetik ez dago bakarrik korrika egitea, gauza asko antolatu behar da. Lan asko dago atzetik. 50., 100. egin edo bukatu duen edozeinek planifikazio bat egin beharra du aurretik. Bai probako aurrenak eta bai azkenak jende askoren laguntza behar dute.
Irailean 200 milietako proba bat egiteko asmoa du Alesonek
Aurtengoa proba aldetik «urte konpletoa» daukala dio. Datorren asteburuan Aran bailaran 92 kilometroko proba bat dauka babesle duen Haglöfs etxearekin,
Ultra Trail Valls d´Aneu. Gero, abuztuan Pirineotan beste 100 miliako proba bat egitekoa da azkoitiarra. Eta, irailean, berriz, handiagoko bat Italian 200 miliako
Tor des Geants. «Ehun milietan ondo moldatzen gara, baina ikusiko dugu nola ateratzen den bikoitza den hori. Bidea ez dut ezagutzen, eta horretarako astirik ere ez dut», dio.
https://youtu.be/vBN24Jx0G3E