«Korrika ni ikusten naiz, baina nire atzetik jende pilo bat dago»

Nerea Uranga 2015eko uztailaren 14a

Bere neurrira ibiliz atera du hirugarren aldiz Ehunmiliak ultratraileko txapela azkoitiarrak, baina gertukorik eta antolaketarik gabe ezinezkoa litzatekeela dio.Ehunmiliak mendiko proba luzea seigarrenez antolatu dute, eta denetan parte hartu du Aleson...

Bere neurrira ibiliz atera du hirugarren aldiz Ehunmiliak ultratraileko txapela azkoitiarrak, baina gertukorik eta antolaketarik gabe ezinezkoa litzatekeela dio.

Ehunmiliak mendiko proba luzea seigarrenez antolatu dute, eta denetan parte hartu du Alesonek (Azkoitia, 1973). «Gauza hauek lortzeko asko entrenatu eta sufritu behar da», dio: hirugarrenez irabazi du, bitan bigarren egin du, eta urte batean erretiratu egin behar izan zuen, hanketan kalanbreak zituelako.

Atseden hartuta dagoeneko?

Oraindik pixka bat hankak minduta ditut, 24 ordutan ibili ondoren normala da. Bestela, fisikoki ondo nago, nahiko ondo ari naiz errekuperatzen. Jan eta edan egin dugu, eta igerilekuan bainuak ere hartu ditut, poliki geure onera etortzeko.

Gehien aurten gozatu duzula esan duzu.

Eguraldiak ere gehien aurten lagundu du. Aurrekoetan eguraldi txarrak egin dizkigu: zaparradak, gau txarrak... Aurten hasieran bero egiten zuen, baina larunbatean korrikarako primerako eguraldia zegoen. Gehien aurten disfrutatu eta gozatu dut.

Hala ere, momentu motelak egongo dira, ezta?

Bai, beti daude, bai, perfilen, aldapen eta kilometroen arabera. Proba hauetan gorputza dosifikatzen jakin behar da. Neure erritmoa hartu eta besteen erritmoarekin ez itsutzen saiatzen naiz. Aurten ere hala egin dut: hasieran bosgarren eta seigarren joan nintzen; gero, hirugarren, eta poliki aurrea hartu nuen. Proba hauetan irabazten duena gehien agoantatzen duena da.

Prestatzeko aurrez ere kilometro piloa egin beharko dira.

Suhiltzailea naiz, eta ordutegiak entrenatzeko aukera handia ematen dit, baina gorputzak ere asko lagundu behar du. Erraza da esatea egunero entrenatu behar dela, baina gorputzak eguneroko hori ere asimilatu egin behar du, eta ez da hain erraza, lesioak-eta datoz. Muskularki gorputz pribilejiatu bat daukat, nire giharrek ematen diedan egur dena agoantatu egiten dute, alde horretatik zorteko naiz.

Psikologia aldea nola lantzen duzu?

Ez dakit mentala edo egoskorra, burugogorra izatea den kontua. Mendian bakarrik ibiltzea oso gustukoa dut, neure erritmoan eta neure burua kontrolatuz. Horrez gain, urteetako esperientzia ere bada. 20 urterekin norbere burua eta gorputza ezagutzea zaila da; nik ia 42 urte ditut, eta urte asko daramazkit honetan: esperientziak, egindako kilometroek, orduek eta mendi piloak asko laguntzen dute.

Proban emaztea eta lagunak gertu izaten dituzu.

Bai, horiek ez dute hutsik egiten eta eskerrak. Korrika nik egiten dut, baina nire atzetik emaztea, alabak eta jende pila bat dago. Etxean jarraitzailerik handiena edukitzeak lagundu egiten du. Etxekoek nik egiten dudan hau ez balukete segituko, eta haien laguntzarik gabe, hau ezinezkoa litzateke.

Beraz, sasoiko egoteaz gainera antolaketa bat ere behar al da horrelako proba luzeetarako?

Bai, dena antolatu beharra dago: proben egutegia, lana, entrenamenduak, emaztearen lana, alabak, etxeko jira, denbora librea... Nik ez daukat ez entrenatzailerik ez medikurik, eta nire aurreko urteetako esperientziaren arabera jarduten dut: entrenamendu denak apuntatzen ditut, orain dela hamar urtetik. Urtero antzeko planifikazioa ematen saiatzen naiz, baina inguruko dena kontuan hartuta. Gauza asko antolatu behar dira. Polita da Ehunmilietan aurrena egitea eta Beasaingo argazkia, baina horren atzetik ez dago bakarrik korrika egitea, gauza asko antolatu behar da. Lan asko dago atzetik. 50., 100. egin edo bukatu duen edozeinek planifikazio bat egin beharra du aurretik. Bai probako aurrenak, bai azkenak, jende askoren laguntza behar dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide