(Goierriko Hitza)
Imanol Aleson korrikalari azkoitiarrak irabazi du Ehunmiliak ultratrail lasterketa. 168 kilometroko ibilbidea eta 11.000 metroko malda dituen proba bukatzeko 24 ordu eta 12 minutu behar izan ditu Anaitasuna Mendi Bazkunako korrikalariak. 2010ean eta 2013an ere irabazi zuen ultratraila Alesonek, eta 2011n eta 2014an bigarren postuan bukatu zuen.
"Hauxe izan da gehien gozatu dudan edizioa. Orain artekoetan onena izan da niretzat", azaldu die Alesonek antolatzaileei. Gau txarra pasatu duela esan du azkoitiarrak, beroarengatik eta iluntasunarengatik: "Gutxi ikusten nuen, eta tenperaturarekin ere ez naiz ondo ibili". Ondoren, ordea, "buelta eman" diola adierazi du, eguna argitzerako. Lasterketa "gogorra", "mugitua" eta "lehia handikoa" izan dela aitortu du korrikalariak.
Atzo, ostirala, abiatu ziren Beasaindik Ehunmiliak lasterketako kirolariak, eta Beasainen bertan bukatu du Alesonek lasterketa. Gutzira, 272 pertsonek parte hartu dute proban.
Ehunmiliak Urola bailaratik ostiral gauean pasatu zen.