Mikel Elorza (Ana Abarisketa)
Denboraldi oso ona ari zara egiten. Nola baloratzen duzu zuk?
Afizionatu mailan izan dudan onena ari da izaten. Lleidako itzuliko aurreneko etapa irabazi nuen, eta, hurrengo egunean bigarren egin nuen. Euskadiko Txapelketan ere bigarren postua lortu nuen. Hamasei probetan lortu dut aurreneko hamar onenen artean izatea. Duela gutxi Espainiako Txapelketan, Caceresen (Extremadura, Espainia), profesionalekin lehiatu ginen, eta 15. postua lortu nuen; eta afizionatuen artean laugarren.
Udan lasterketa asko izango dituzu, ezta?
Mordoa ditugu aurrerantzean. Hurrengo igandean Beasaingo lasterketa jokatuko dut. Jarraian, bost egunez, Leongo itzulia, eta abuztuan eta irailean ere lasterketa mordoa dut.
Beasaingo Ampo taldekoa zara.
Taldea berria da, eta bi urte daramatzat bertan. Aurten zortzi lasterketa irabazi ditugu dagoeneko, eta oso ondo gabiltza. Hemen inguruko jendeak osatzen dugu taldea, eta oso giro ona dugu.
Nola entrenatzen duzu?
Etxean entrenatzen dugu. Taldean bi ermuar eta zumaiar bat daude, eta sarri gelditzen gara. Taldetxo bat dugu Whatsapp-ean, eta normalean Deba inguruan juntatzen gara Aimar Zubeldia, Markel Irizar, Amets Txurruka eta taldekide batzuk.
Egunero?
Normalean, egunero. 10:00ak aldera ateratzen naiz, eguerdira arte.
Gustuko duzu eguneroko hori?
Oso. Jende askok galdetzen dit gauza bera, baina hauxe da nire egunerokotasuna, beste bat 06:00etan lantegira joaten den bezalaxe.
Mikel Elorza (Ana Abarisketa)
Taldean izaten al da lehiarik?
Izaten dira horrelakoak, baina azkenean denok gara lagun. Derrigorrezkoa dugu laguntasuna, gaur nik laguntzen diodalako besteari eta bihar, agian, berak niri. Uste dut taldean gehienok euskaldunak izateak asko laguntzen digula. Guk elkar ezagutzen dugu bizikletan hasi ginenetik eta horrek sortzen du lotura bat.
Lehiakorra al zara?
Oso lehiakorra naiz, bai. Entrenamenduetan ere beti berotzen naiz lagunarekin. Hobetzen joateko ezaugarri bat da, era berean.
Eta galtzen ba al dakizu?
Aurkaria hobea izan bada zorionak ematea besterik ez da gelditzen. Txirrindularitzan, gainera, egun on bat izateko txar mordoa izan behar dituzu. Baina txarrak hainbeste direnez, ona bi aldiz gehiago gozatzen duzu.
Posible al da zuretzat txirrindularitzatik bizitzea?
Momentuz ez. Itxaropena badut datorren urtean hobetzekoa. Denboraldian zehar izan ditugun podioetako sariak taldean banatzen ditugu.
Zure nahia lehen mailara igotzea da, ezta?
Noski. Datorren denboraldian ez banaiz lehen mailara igotzen beharbada txirrindularitza utziko dut. 25 urte beteko ditut, eta maila honetan ekonomikoki galerak izaten ditugu askotan.
Bizitza osoa daramazu bizikletara igota. Nondik datorkizu zaletasuna?
Txiki-txikitatik nabil honetan. Pilota eta futbola probatu nituen, baina hauxe da nirea, eta garbi izan dut beti. Aitak txirrindularitzarekiko afizio handia du, eta umetatik eramaten ninduen lasterketetara.
Bizitako zer momentu egiten zaizu ahaztezin?
Lleidako itzulian irabazitako etapa dut gogoan. Momentu horretan sentitzen duzuna handia da. Egindako kilometro guztiak ordaintzen dizkizu sentsazio horrek, eta ederra da benetan.
Eta okerrena?
Duela hiru urte eskua puskatu nuen entrenamendu batean, Iraetatik nindoan bakarrik eta erori egin nintzen. Hiru hilabete pasatu nituen bizikletan ibili gabe, eta denboraldi osoa galdu nuen. Asko presionatzen dugu geure burua horrelakoetan.
Alergiekin arazoak izan dituzu.
Olibondoari, gramineoari eta urkiari diet alergia. Alergologoekin ibili nintzen, baina udaberrian kalte egiten jarraitzen zidan. Aurten, Interneten begira, txirrindulari katalan baten bideoa ikusi nuen. Hark zioen elikadura aldatuta lortu zuela hobetzea, eta probatzea erabaki nuen. Sekulako aldaketa antzeman dut.
Zein da zure ametsa?
Dudarik gabe, profesionaletara igotzea. Nik oso garbi izan dut beti, eta hala esan diet bai lagunei, bai familikoei; ilusioa galtzen dudan egunean utzi egingo dut. Ofizio honetan oso konstantea izan behar da: ondo entrenatu, zaindu eta deskantsatu arren kosta egiten da probetan aurrekaldean egitea. Nik ilusio handia dut momentuz, eta hori da garrantzitsuena.
Frantziako Tourra lehiatzen ari dira. Zeuk izan al duzu idolorik?
Izagirre anaiak izan ditut erreferente. Ormaiztegikoak dira, eta gertu izan ditut beti. Beti aurretik izan ditut, eta asko begiratu izan diet.
Mikel Elorza (Ana Abarisketa)