Behin-behineko alokairu laguntzen zerrenda ikusgai jarri du udalak

A. Abarisketa 2015eko uztailaren 8a

18 diru laguntza onartu ditu udalak eta 23 herritar dira onuradunak. 60.000 euro bideratu zituzten aurreko agintaldian horretara, eta 45.330 euro erabili dituzte.Azkoitiko Udalak gazteen etxebizitza alokairurako diru laguntzen behin-behineko zerrenda k...

18 diru laguntza onartu ditu udalak eta 23 herritar dira onuradunak. 60.000 euro bideratu zituzten aurreko agintaldian horretara, eta 45.330 euro erabili dituzte.

Azkoitiko Udalak gazteen etxebizitza alokairurako diru laguntzen behin-behineko zerrenda kaleratu zuen atzo. Orain, diru laguntza eskatu duten herritarrek erabakiaren gainean alegazioak egiteko hamar eguneko epea izango dute. Behin aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpena egingo dute Alkatearen Dekretuaren bidez.

Behin-behineko zerrenda horretan 18 diru laguntza eman ditu udalak eta 23 pertsona dira onuradunak. Baldintzak ez betetzeagatik onartuen zerrendatik kanpo gelditu dira batzuk.

Denera, 45.330 euroko diru laguntza banatuko da. Ordainketa zatika egingo da, hiru hilabetetik behin, eta justifikatu egin beharko da hil horietan alokairua ordaindu izana.

Lehenengo ordainketa uztailaren 24a baino lehen egingo duela jakinarazi du udalak. Diru aguntza jaso aurretik apirileko, maiatzeko eta ekaineko alokairuak egiaztatu beharko dituzte laguntza jasoko dutenek. Agiri horiek Azkoitia Lantzen erakundearen bulegoan entregatu beharko dira, uztailaren 20a baino lehen.

Eskubide bat bermatzeko

EH Bilduk aurreko udal agintaldian martxan jarri eta sustatutako laguntzak dira hauek. Urrategi Alberdiren udal taldeak «etxebizitza eskubidea bermatzeko» helburuarekin jarri zuen martxan egitasmoa, eta 60.000 euro bideratu zituen 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntzak ematera. Erakundearen arabera, hiru helbururekin jarri zuten martxan neurria: gazteei helduen mundura sartzeko prozesuan laguntzeko, alokairuko etxebizitzak sustatzeko eta irisgarritasun baldintzak betetzeko dituzten etxebizitzak eskuragarri jartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide