Urtearen balantze positiboa eginda amaitu du denboraldia Anaitasunak

Ana Abarisketa 2015eko uztailaren 7a

2014-2015 denboraldiko sarituak, Joseba jatetxean bazkaldu ondoren. (Joaquin Sudupe) Emozioz betetako asteburua izan da Anaitasuna Futbol Taldearentzat. Denboraldiari amaiera emateko Gorrixen Egune ospatu zuten larunbatean, ohiturari jarraituz. Bertan batu ziren taldeko jokalariak, jokalari ohiak, zuzendaritza batzordeko kideak eta lagunak. Parrokian meza izan ostean, bazkaria egin zuten Joseba jatetxean. Talde bakoitzean gol gehien sartutako jokalariak eta denboraldian zehar nabarmendutakoak saritzeko aprobetxatuko zuten gero. Aurreko egunean, ostiralean, urteko batzar orokorra egin zen Elkargunean. Besteak beste, 2014-2015 denboraldiko laburpena egin zuten eta klubak markatutako hiru arloak errepasatu zituzten: antolakuntza, egoera ekonomikoa eta kirola. Hala, Pedro Urdapilleta Anaitasuna Taldeko presidenteak Hitzari jakinarazi dio "helburuen %90 lortu" dituela klubak eta, beraz, balantzea positiboa dela. Hamabi taldek osatzen dute egun Anaitasuna eta, aurten hauetako bik maila galdu badute ere, presidenteak nabarmendu du Azkoitiko futbol klubaren helburu garrantzitsuena ez dela hori. Kirol arloan, zuzendaritzaren helburu nagusiena da gazteei balore jakin batzuk helaraztea, hala nola, "jokalarien arteko talde lana eta arbitroekiko errespetua lantzea". Ekonomikoki egoera "egonkorra" dela dio Urdapilletak eta, datorren urteko denboraldiari begira, ildo beretik jarraitzeko asmoa du zuzendaritzak, eta ahal den neurrian hobetzen jarraitzea. Erregionalen Ohorezko Mailako entrenatzaile berria zein izango den galdetuta, momentuz ez du izenik eman presidenteak. Izan ere, Aitor Iturbek ez du jarraituko entrenatzaile lanetan. Bigarren entrenatzaile Juan Ugaldek eta atezainen entrenatzaile Manu Pirisek ere ez dute eginkizun horietan segiko.

Sari bereziak

Datorrenari begiratu aurretik aurtengoan bizitakoak izan zituzten gogoan Gorrixen Egunean. Izan ere, sari berezietan eta omenaldietan iritsi ziren momenturik hunkigarrienak Joseba jatetxean egindako bazkari ondorengo sari banaketan. Batetik, Ibon Orbeari eta Sorkunde Garateri ohorezko kadete neskekin azken urteetan egindako lana eskertu zien klubak. Bestetik, Jokin Landa, Igor Sudupe eta Ander Otaño saritu zituzten, horiek direlako Erregionalen Ohorezko Mailan denbora gehien eman duten jokalariak. Emozio handiko momentua izan zen hori, bideo hunkigarri bat jarri baitzieten hiru jokalariei. Hirugarren omendua Iraitz Korta izan zen. Azken hamabost urteetan talde gorritxoan izandako ibilbidea eskertu zioten, taldea utzi baitu Kortak. Txapela eta koadro bat jaso zituen. Bertso bat jarri zioten koadroan, eta hura abestu ere egin zioten gazteari taldekideek, eta ondoren protagonistak berak eskaini zien kideei bertso bat. Azken saritua Joxe Mari Uria Txanboie izan zen. 40 urte egin ditu Anaitasuna taldeko zuzendaritzan, eta esker gisara bideo bat eskaini zioten taldekoek. Herriko futbol klubean egindako ibilbidean ondoan izandakoen iritziak bildu zituzten ikus-entzunezkoan, emozio handiko uneak sortuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide