Jone Zabaleta txapelketan korrika. (Xeye taldea)
Txikitatik izan du gustuko antxintxiketan egitea Jone Zabaleta azkoitiarrak. Gaztetxoa zela amak animatu zuen Ikastolako taldean izena ematera eta, hala, LH3. mailan hasi zen korrika herrietako lasterketa saioetan. Ez da gelditu ordutik. Orain, hamazazpi urterekin, sekulako denboraldia du amaitzear atletismoan.
Pasa den asteburuan lehiatu zen Ciudad Realen (Gaztela-Mantxa, Espainia) jokatutako Espainiako gazteen txapelketan eta, beste behin ere, emaitza oso onak lortu zituen, 7.postua eskuratu baitzuen azken sailkapenean. 1.500 metroko proban izan zen hori, 4,51ko kronoa lortuta. "Gustura" gelditu da emaitzarekin. Ez da, hala ere, Espainiako Txapelketan parte hartzen duen aurreneko aldia, baina beti amestu izan du txapelketa honetako finalera iristearekin, beraz, aurtengoan "poz bikoitza" du.
Azaroan hasten ditu txapelketak Jone Zabaletak lokatz arteko krosekin. Euskadiko eta Espainiako txapelketetan lehiatu ostean, estalitako pistetan parte hartzen du, eta hemen ere esku hartu zuen Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan. Azken hau Donostian jokatu zen gainera, eta 6.postua eskuratu zuen. Aire libreko txapelketekin amaitzen du denboraldia. Euskadi Absolutoko bi lasterketa gelditzen zaizkio lehiatzeko orain, uztailaren 11n eta 18an.
Behin denboraldia amaituta, ondo merezitako oporraldia hartuko du, irailean berriro entrenamenduekin hasteko. Astean lauzpabost egunetan izaten ditu saioak, astearte, ostegun, larunbat eta igandeetan, eta batzuetan astelehenetan ere bai, bakoitza ordu eta erdi ingurukoa.
Datorren denboraldiari begira atletismoan «gehiago entrenatzeko asmoa» du azkoitiarrak, orain arte Gimnasia Erritmikoarekin uztartu baititu entrenamenduak, eta «aurrerantzean osotasunean korrikara dedikatzeko asmoa» baitu.
Bost urterekin hasi zen Gimnasia Erritmikoa praktikatzen, eta aurten arte jardun du. Bi kirolak uztartzea kostatu zaiola dio, baina entrenamendu egunek topo egin ez dutenez, eramangarria izan zaiola.
Xeyeko kidea
Xeye Azkoiti-Azpeitiko atletismo taldeko kide da Jone Zabaleta. 30 bat lagunek osatzen dute taldea Azkoitian, eta 20 inguruk Azpeitian. Loiola aldera edo San Juan auzoko fabrikei bueltaka ibiltzen dira entrenamendu saioetan. Azkenaldian, Elgoibarko pistetara joaten ere hasiak dira, herrian ez baitago halakorik. Neska-mutilez osatutako taldea da. Duela urte batzuk mutil gehiago baziren ere, «orain pareko» direla azaldu du Zabaletak, "azken urteetan neska dezente batu baita".
Duela urte pare bat hasi zen gailentzen Zabaleta lasterketetan, federatu ostean. Kiroldegian hasi zen entrenatzen, eta saioak ere gogortu egin zirela dio. Azkoitiarrak esker onak besterik ez ditu ingurukoentzat. Pedro Muñoz eta Jose Antonio Zulaika ditu entrenatzaile. "Pedrok jartzen dizkit entrenamenduak eta Zulaikarekin ere ibiltzen naiz, asko arduratzen dira biak eta ni oso gustura nago", azaldu du. Xeye atletismo taldeko kideez ere ez da ahazten, "oso giro ona" dutelako taldean; eta senideak ere gogoan ditu, "beti alde batetik bestera ni eramaten ibiltzen direlako".
Etorkizunean korrikari lotuta ikusten du bere burua 17 urteko gazteak. Argi dauka datorren urtean, ikasketengatik, herritik kanpo egotea egokitzen bazaio ere, entrenatzen jarraituko duela. "Joaten naizen tokian korrika egiten jarraitzea pentsatzen dut". Ikasketak ere kirol honi lotutakoak izatea nahiko luke, ez baitu gelditzeko asmorik.