Aurreko agintaldian sei batzordetako buru ziren EH Bilduko ordezkariak eta bikoak EAJkoak. Alkatearen ordainsaria igotzea ere onartu zuten asteartean egindako lehen udal bilkuran
Zestoako udalbatza berriaren lehen ezohiko udal bilkura egin zen asteartean. Josetxo Mendizabal jeltzalearen lehen batzarra izan zen alkate gisa; izan ere, maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan sei zinegotzi lortu zituen EAJk eta bost EH Bilduk. Aurreko agintaldiko zortzi udal batzordeak mantenduko dituzte, baina denak jeltzaleen esku egongo dira.Erabaki honek EH Bilduko ordezkarien haserrea jarri zuen mahai gainean; izan ere, aurreko agintaldian Merkataritza eta Turismoa eta Ogasuna batzordeak EAJren esku egon ziren, koalizioak hala erabakita. EH Bilduko bozeramaile Mikel Arregi Ertxin atsekabetuta agertu zen oposizioak udal kudeaketan parte hartzeko aukerarik ez duelako izango, bere ustez, «merezimendu gehiago» zor zaie, batez ere, hauteskundeetan 27 botoren aldea izan zutelako bi taldeek. Ez zuen erantzunik jaso.
Segidan, alkatea udalean denbora osoko jardunean aritzea onartu zuten, eta Gorka Unanue alkateordea lanaldi erdira aritzea.
Ordainsariak gora
Eguneko gai zerrendako azken puntuan etorri ziren oposiziokoen kritikarik zorrotzenak, Josetxo Mendizabal alkatearen urteko soldata 52.707,46 euroko izatea onartu zutenean. Mendizabalek argudiatu zuen EUDELek (Euskadiko Udalen Elkarteak) 2.000 eta 5.000 biztanle arteko herrientzat ezartzen duen 25. maila hartu duela. EUDELen ordainsarien taulan 30.a da soldatarik altuena.
Arregik ordainsaria «%49 inguru» igo izana salatu zuen, eta Leire Etxeberria EH Bilduko alkate ohiaren soldata (35.498 euro ingurukoa) «justua» zela. Alkateak ordainsaria «justifikatuko» duela esan zuen.