'II.Pintxo eta Mintzo' jardunaldien balorazio positiboa egin dute antolatzaileek

Zestoako Hitza 2015eko ekainaren 26a

Pintxo eta Mintzo jardunaldia Arroabean (Urolab) Lehen sektorea izan zuten hizpide pasa den ostiralean II.Pintxo eta Mintzo ekitaldian. Urolab elkartetik jakinarazi dute 30 lagunetik gora batu ziren mahai inguruan egindako Arroabeko Ederki elkartean. Ekoizleak, kontsumitzaileak, ekintzaile berriak, baserritarrak, saltzaileak, banatzaileak, administrazioko teknikariak, jubilatuak edo arrantzale ohiak zeuden bertan. Ekitaldiak iraun zuen ia hiru ordutan gai desberdinak jorratzeko aukera egon zen. Pintxo ederrak dastatuz afaldu bitartean belaunaldi aldaketez, nekazal politikez, kontsumitzaileen ohiturez, lehen sektore ekologiko eta jasangarriaz edo bertara aplituriko teknologia berriez hitz egin zuten. Ondorio gisa atera zuten, administrazioetatik urteetan aplikatu izan diren nekazal politikak ez direla baliagarriak izan. Dagoen sektorea indartu eta bertatik langile zein ekoizle berriak, negozio bide berriak, lortu edo sustatu beharrean, askotan beste lurraldeekin alderatu eta kopuruan bakarrik oinarritu izan baitira. Kopurua handitu eta ez sendotu. Oro har, lehen sektoretik bizi direnekin zuzenean hitz egin beharrean, bulegoetatik eta hipotesietan oinarrituta egin direlako politikak eman da akatsa. Krisiak zerbaitetarako balio izan badu, bertan zeudenen ustez, kontsumo ohiturak aldatzeko izan da. Pixkanaka kontsumitzaile arduratsuagoak sortzen ari direla nabarmendu zuten. “Kontsumitzaile mota guztietarako dago merkatua, eta eskaintza guztietarako bezeroak; baina alferrik da bertakoari edo kontsumitzen duen produktuari baliorik ematen ez dion bezeroan ahaleginik egitea, besteetan jarri behar dira indarrak lehenengo, lehenetsi sektorea baloratzen duena”. Izan ere, ekoizleek beraien lana eta lanbidea gutxietsita ikusi izan dute askotan Pintxo ta Mintzon azaldu zutenez. “Gure produktua erosi eta baloratzen dutenean ematen diote balioa gure sektoreari eta gure lanari; tristea da azokara joan eta produktuarekin bueltan etxera etortzea”. Datuek diotenez Euskal Herrian ekoizten den produktu kantitatea ez da nahikoa bertako gizarte osoarentzat, horregatik, beste eskaintzak ere behar dira eta beraien bezeroak dituzte, “penagarria da ordea, ekoizten den horretarako kontsumitzailerik ez aurkitzea adibidez”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide