Udal ordezkarien ordainsariak igotzea onartu dute lehen bilkuran

Ana Abarisketa 2015eko ekainaren 24a

Aldaketa nabarmenak onartu dituzte aurreneko ezohiko udal bilkuran. Batzorde berriak eratzeaz gain, ordainsariak igotzea onartu dute, alkatearen kasuan %47,33.

Maiatzaren 24ko udal hauteskundeen osteko lehen ezohiko udal bilkura egin zuten herenegun Azkoitiko udaletxean. Javier Zubizarreta jeltzalearen aurreneko bilkura izan zen Azkoitiko alkate bezala. Batzorde informatzaileak onartu zituen Udal Gobernu berriak, eta ordezkariak izendatu zituzten. Batzar honetan bertan, datozen lau urteetan udaleko agintarien ordainsariak eta talde politikoek jasoko dituzten diru kopuruak ere onartu zituzten. Udal batzordeak ere lau izatea eraki dute; lehen zortzi zituen. Hala, Azkoitiko alkatearen urteko ordainsaria 67.087,03 eurokoa izatea erabaki dute, eta denbora osoko jarduna izango du. Zinegotziei dagokionez, Migel Angel Bastida Ingurumena, Landa Garapena, Obrak eta Zerbitzuetako batzordeburua izango da, %75eko jardunarekin ariko da lan horretan. Bastidaren urteko ordainsaria 45.283,74 eurokoa izango da. Festak, Kirola, Kultura eta Gazteria arloen ardura Nekane Larrañaga zinegotziak izango du, 6.037,83 euro jasoko ditu urtean, %10eko lan jarduna izango du udalean. Baina, ez dute zehaztu zein izango den. EAJko eta PSEko ordezkarien zinegotziaren babesarekin hartu zen erabakia. EH Bilduk kontra bozkatu zuen, eta Irabazi Azkoitia Bai abstenitu egin zen.

Aldaketa nabarmena

Aurreko Udal taldearekin alderatuz aldaketa nabarmena da. Udal batzordeei dagokienez, erdira jaitsi dituzte kopuruz. Ordainsariak kontuan hartuta, berriz, Urrategi Alberdi alkate ohiak 45.535 euroko ordainsaria jasotzen zuen urteko, beraz, %47ko igoera izango du alkate berriaren oinarrizko soldatak. EH Bilduko alkateorde Esther Lizarraldek berriz 39.535 euro kobratzen zituen. Biak jardun osoz aritu ziren Azkotiko EH Bilduren Udal taldean. Soldaten igoera argudiatzeko, EUDELek (Euskadiko Udaleko Elkarteak) finkatzen dituen zenbatekoak direla adierazi zuen Javier Zubizarreta alkateak udal bilkuran. Zenbateko hauei dietak gehitu behar zaizkie. Jardun osoa edo partziala ez duten zinegotziek, 70 euro jasoko dituzte udalbatzar bakoitzeko; Batzorde eta Tokiko Gobernu Batzarretan parte hartzeagatik 35 euro, eta batzordeko lehendakariak 70 euro. Horrez gain, udal talde politiko bakoitzak 542,50 euro jasoko ditu, eta zinegotziko 167,50 euro. Irabazi Azkoitia Bai eta EH Bildu diru sarreren inguruko irizpide egonkorrak eztabaidatzearen alde agertu ziren, Udal Gobernua aldatzen den bakoitzean ez daitezen aldaketak izan.

Lau batzorde gutxiago

Aldaketa gehiago ere onartu zituen talde berriak, izan ere, EH Bilduren gobernupean zeuden zortzi batzorde informatzaileak erdira pasatuko dira herenegun udalbatzarrean hartutako erabakiaren ondorioz. Besteak beste, ez da parte-hartze batzorderik izango. Udal batzordeak honakoak izatea erabaki dute EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin: Ogasuna, sustapen ekonomikoa eta merkataritza da, eta bozeramailea Ana Azkoitia izango da; Gizarte Ongizatea, Berdintasuna, Integrazioa, Hezkuntza eta Euskara da beste batzordea, kasu honetan Nekane Larrañaga da batzordeburua; Ingurumena, Landa Garapena, Obrak eta Zerbitzuak da hirugarrena, eta ordezkaria Miguel Angel Bastida; eta, Kultura, Festak, Kirola eta Gazteria da laugarrena, batzorde horretako burua ere Nekane Larrañaga. Ohiko udalbatzarrak hileko azken asteazkenetan dira.

Udalbatzarrak elebitan

Herenegungo bilkuraren hasieran izan zen beste aldaketa nabarmen bat Azkoitiko Udalean. PSEko zinegotzi Miguel Reimundezi erantzuteko gaztelerara jo baitzuen Zubizarretak udalbatzarrean. Eta, orain arte ez bezala, aurrerantzean udalbatza- rrak elebiztan izango direla gaineratu zuen alkateak. Reimundezek itzultzaile bat izaten du udalbatzarretan. Udal eta Foru hauteskundeen ondoren, Urola Kosta eskualdean aurreneko udal bilkura izan da Azkoitian egin dutena. Hauteskundeetan lortutako botoei esker EAJk gehiengo osoa du.

Izendapen berriak

ALKATEORDEAK Hurrenez hurren:  Ana Azkoitia (EAJ), Nekane Larrañaga (EAJ), Miguel Angel Bastida (EAJ) eta Angel Luis Martin (EAJ). BATZORDEAK Udal batzordeak: - Ogasuna, Barne Antolakuntza, Pertsonala, Kontratazioa, Sustapen ekonomikoa eta Merkataritza. - Gizarte Ongizatea, Berdintasuna, Integrazioa, Hezkuntza eta Euskara. - Lurralde Antolakuntza, Ingurumena, Landa Garapena, Obrak eta Zerbitzuak. - Kultura, Kirolak, Festak eta Gazteria. UDAL GOBERNU BATZARRA Kideak: Ana Azkoitia (EAJ), Nekane Larrañaga, (EAJ), Miguel Angel Bastida (EAJ), Angel Luis Martin (EAJ) eta Gaizka Larrañaga (EH Bildu). BATZORDE INFORMATZAILE batzuk Zubi Aurre Fundazioa: EAJtik, Javier Zubizarreta, Ana Azkoitia, Nekane Larrañaga, Miguel Angel Bastida eta Angel Luis Martin; EH Bildutik, Idoia Uranga eta Jakes Uranga; Irabazi Azkoitia Baitik, Joakin Etxaniz; eta, PSE-EEtik Miguel Reimundez. San Jose Fundazioa:  EAJtik, Javier Zubizarreta, Ana Azkoitia, Nekane Larrañaga, Miguel Angel Bastida eta Sonia Vazquez; EH Bildutik, Urrategi Alberdi eta Ainara Goenaga; Irabazi Azkoitia Baitik Joakin Etxaniz eta PSE-EEtik Miguel Reimundez. Urola Erdiko mankomunitatea:  EAJtik Javier Zubizarreta eta Ana Azkoitia, eta EH Bildutik Ainara Goenaga. Azkoitia Lantzen: Lehendakaria: Javier Zubizarreta, EAJtik Ana Azkoitia, EH Bildutik Gaizka Larrañaga, Irabazi Azkoitia Baitik Joakin Etxaniz eta PSEtik Miguel Reimundez

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide