Zeintzuk dira Etzazuaka diskoaren berritasunak?
Roge Astigarraga: 2011.urtetik Arra (Iker Arrazola), Joxe (Joxe Larrañaga) eta hirurok aritu gara talde bezala funtzionatzen, eta denbora horretan tarteka grabatzen aritu gara, hemen, entsegu gelan [Matadeixen]. Iaz bukatu genuen grabazioa. Aldaketa, itxuraz, zuzenekoetan izan da, uztailean hasi ginen eta Enatarekin (Jon Enatarriaga) eta Gurrurekin (Asier Gurrutxaga) bosteko bezala funtzionatzen. Gogoa genuen zuzenekoetan jende gehiagorekin jotzen hasteko. Bestela, diskoaren grabaketa betiko antzerakoa izan da. Betiko tokian grabatu dugu, betiko erara.
Zein testuingurutan jaio da Etzazuaka?
R.A: Irudipena dut ezer konkreturen bila joan gabe material desberdin samarra atera dela. Hala ere, iruditzen zait beti gertatzen den zerbait dela. Azkenean, hainbeste urtetan, eta hainbeste urte pasata diskotik diskora, aldatzen joaten gara, nahiz eta kontzienteki ez izan. Eraginak ere aldatzen joaten dira, baita bakoitzaren bizipenak ere. Oraingo diskoak badu gorputz bat, aurreko diskoarekin parekatuz nolabait esaten duena beste etapa batean gaudela. Baina, ez da nahita izan, gogoak emandakoa egin dugu, beti bezala.
Iker Arrazola: Ahotsak normalean azkenerako lagatzen ditugu beti, kantuak hala ateratzen zaizkigulako. Gero moldatzen diogu letra musikari. Eta disko honetan ahotsak beste presentzia bat hartu du, izan kantatzeko moduagatik, edo bolumenagatik.
Eta erritmoak?
I.A: Nik uste dut poperoagoa edo primitiboagoa dela.
R.A: Zuzenagoa dela ere esango nuke nik. Nolabait, erritmo sinpleagoak atera zaizkigu, eta dantzarako joera ere badute abestiek.
Binilo bikoitz formatuan argitaratu duzue diskoa, eta aldi berean, sarean dago osorik eskuragarri Creative Commons lizentzipean.
I.A. Gure lan guztiak daude sarean. Gero, binilo formatoan ere argitaratu nahi genuen, inoiz ez baitugu halakorik izan.
R.A. CDak jada ez dira saltzen, eta ez genuen nahi jendeak estimatuko ez lukeen zerbait kaleratu. Gu beti saiatu gara gure lanen aurkezpenak asko zaintzen, asko gustatu izan zaigun zerbait da. Horretaz gain, nahi genuen Detritus-ek gure azala lantzea. 80x80ko oleoa da izatez azala, eta oso gustura gaude egin duen lanarekin.
Kritika onak jaso dituzue azken kontzertuetan. Zeuek zer moduz sentitu zarete?
Jon Enatarriaga: Nik antzeman dut, nahiz eta taldekide berria izan, askatasun handia dudala gauza desberdinak jotzeko eta oso gustura nago.
R.A: Urte pila bat aritu gara hirukote bezala funtzionatzen, eta bat-batean bost izateak sekulako indarra eman dio taldeari soinu aldetik. Gitarra eta bateria bat gehiago daude, eta indar handia ematen du horrek. Ondorioz, emaitza aberatsagoa da potentzia eta soinu aldetik. Ni neu oso gustura nago.
Asko inprobisatzen al duzue kontzertuetan?
I.A: Kantuak interpretzen ditugu. Abestia hor dago, eta denok dakigu nola den, gero batzuetan hobeto interpretatzen dugu eta beste batzuetan okerrago.
R.A. Gure ezaugarria da, eta hala izaten saiatu gara hasieratik, kantuak grabatzea aurretik eta gero eramatea zuzenekora. Kantua erreferentzia da, ezinezkoa delako estudioan grabatutako soinua zuzenera eramatea. Kantuek bizi propioa hartzen dute gero.
Sentitzen al duzue entzule fidela duzuela?
I.A: Bai, batzuk hala dira.
R.A: Aurreneko aldiz entzuten zaituzten horiek ikustea ere polita da. Gero, egia da badela jende bat, edo lagun batzuk, beti hor izaten direnak.
1992an sortu zen taldea. Zeintzuk dira mimoz gordeta dituzuen momentuak?
R.A: Lan edo maketa bakoitza osatzen den momentu hori da niretzat oso berezia. Eta zuzenekoak ere oso bereziak dira. Oso sentsazio askatzaileak, indartsuak izandakoa nahiz, terapeutikoak ere bai, esango nuke.
I.A: Inoiz ez gara izan zuzeneko asko ematekoak. Urte hauek guztiak kontatuz gero, kontzertuak dezente izan dira, baina berez ez dira hainbeste. Beraz, kontzertuak gustura ematen ditugu.
Anarik honakoa esan zuen Esan Ozenkirekin 1998an diskoa kaleratu zenutenean: "Harriek hitz egingo balute eta zuhaitzek entzun, Akauzazte mundu moderno honen ahotsa litzake". Zer du egitik esaldi horrek?
R.A: Lagun askok gure lana deskribatu nahi izan dutenean naturako elementuekin egin dute, nolabait primitibotasunarekin edo arbasoen kontuekin lotuz. Niri egundoko lorea iruditzen zait hori. Gustatuko litzaidake benetan horren parte izatea.
Larunbatean Matadeixen joko duzue, 19.urteurrenaren harira. Akauzazteren ibilbidea eta Mataderoarena oso bateratuak egon dira, ezta?
R.A: 1992an hasi ginen hemen [Matadeixe] lagun talde bat batzen, gero Akauzazte izango ginenak. Lau Pista bat (grabagailua) zegoen eta hori zen ardatza, gailu horren inguruan sortu baitzen Akauzazte. Grabazioetatik abiatzen den talde bat izan gara, eta gailu hori hemen zegoen. Harekin jolasean hasi ginen. Bonba eta Kirikoren txatartegia ere bazen, hemen goian bizi ziren-eta. Eta aurrealde hau txatarraz beteta zegoen. Kontainer bat ere bazen, eta jendeak bertara botatzen zituen tresnak. Egia esan, dena eskuragarri izan genuen, kanpoalde osoa soinua ematen zuten tresnez josita zegoelako, beraz, zentzu osoa zuen Akauzazte hemen sortzeak.
I.A: Beste lokal batean egon izan bagina, agian instrumentuekin bakarrik sortuko genuen taldea, baina hemen gailu desberdinei soinuak ateratzen aritu ginen. Bateria eta gitarra hor izan ditugu beti, baina elementu berriak sartzeak eman dio beste ukitu bat taldeari.