Antolatzaileak "oso pozik" daude I. Pelotai Eunek izandako babesarekin

Ana Abarisketa 2015eko ekainaren 15a

Herriko pilotarien argazkia (Maxixatzen.eus) I. Pelotai Eune ospatu zen larunbatean Azkoitian. Egun osoko egitaraua prestatu zuten eta "oso gustora" azaldu dira pilota partidetan eta oro har egun osoan zehar izandako babesarekin. Hala azaldu dio Josu Godoi antolatzaileetako batek Hitzari. 22 bikotek hartu zuten parte I. Pelotai Euneko pilota txapelketan. Baziren leku faltagatik lehiaketatik kanpo gelditu ziren bikoteak ere. Jendetza bildu zen Kontzejupeko frontoiaren bueltan 21:30ak bitartean. Azken momentuan erabaki zuten gaueko saioak bertan behera utzi eta azken partidak aurretik jokatzea. Eguerdian kalejira egin zuten Balda plazatik hasita eta euripean izan bazen ere umorez egin zuten ibilbidea trikitiaren melodiekin. Plazan atera zuten lehen eta oraingo pilotarien argazkia eta aurreskua egin zitzaien beteranoei. Kontzejupeko hormak Azkoitian izandako pilotarien argazkiz josi zituzten. Larunbateko balorazio positiboa kontutan hartuta datorren urtean II. Pelotai Eune ospatzeko intentzioa azaldu du Godoik. "Oso egun polita izan da eta gure partetik ahaleginduko gara errepikatzen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide