A.A / Azkoitiko Kontzejupea
Lagunarteko mahai inguru batean atera zen aurrenekoz gaia.
Azkoitia pilotari errotutako herria izanik, euskal kirol honi eskainitako eguna ospatzeko ideiari bueltak ematen hasi ziren herriko bost gazte. Duela hilabete batzuk izan zen hori, eta hala sortu da larunbat honetan egingo den I. Pelotai Eune. Lehengo eta oraingo herriko pilotariak omentzeko asmoz sortu dute egitaraua, herrian eta herritik kanpo ezagunak izan diren jokalariak, –"mitikoak" diren horiek–, eta afizio handiko jokalariak elkartzeko asmoz. Hala argitu dio Hitzari Josu Godoi gazteak. Bera izan da antolatzaileetako bat. Larunbatekoa prestatzen ibili diren herritar hauek futbol mundutik datoz, baina egitarau oparoa antolatu dute. Pilotarien juntadizoarekin hasiko da eguna, 12:00etan, Balda Plazan. Kalejira egingo dute jarraian dultzaineroen laguntzaz. Eta Kontzejupean lehengo eta oraingo pilotarien arteko argazkia aterako dute gero. 13:00etan, berriz, partida «erakargarria» egingo dute:
Saralegi eta
Koka,
Goenagaren eta
Andreuren aurka ariko dira.
Txapelketa gauera arte
Pelotai Eunek txosna gunea izango du plazan, Kontzejupean izango baitira ekintza nabarmenenak. 14:00etan hasiko da pilota txapelketa, eta bertan parte hartuko dute herriko pilotariek. 20 bat bikotek eman dute izena txapelketarako. Arratsaldean, 18:30etik aurrera, herriko pilotari afizionatuek jokatuko dute partida. Oraingoan,
Etxanizek eta
Egurrolak, Etxetxoren eta
Kaxkaren kontra. Gero, txapelketak jarraituko du. Afaria 21:30ean hasiko da, Ikurrinaren plazan, eta gauerdian jarraituko du txapelketak. Godoik esan du plazan
Anestesia eta
Krausk taldeen kontzertuak izango direnez, txapelketaren azken txanpa atzeratzea erabaki dutela, bi ekitaldiek bat ez egitearren.
Oteiza kirol elkartearen eta udalaren babesa izan dute antolatzaileek.