Aurrerago deklaratuko du Asier Aranbarri alkate ohiak

Ana Abarisketa 2015ko eka. 10a, 20:02

Asier Aranbarri Azkoitiko alkate ohia gaur zen deklaratzekoa Azpeitiko Epaitegian, baina azkenean atzeratu egin da deklarazio saioa. Lurralde eta ingurumen antolaketako delitu bat egotzita deitu zuen deklaratzera Azpeitiko Instrukzio Epaitegiko lehen zenbakiak. Azkoitia Lantzen-en ordezkari bezala dago deituta Aranbarri, hango lehendakaria izan baitzen 2011 bitartean. Azkoitiko alkate zen orduan, EAJ alderditik. Gaur goizean egin du elkarretaratzea Argittu taldeak Azpeitian (Ana Abarisketa/Hitza) Aranbarrik HITZAri argitu dio atzo izan zuela atzerapenaren berri bere abokatuak, eta akusazio partikularreko abokatua izan dela epaiketa atzeratzea eskatu duena. Aranbarrik gaineratu du abokatu hori Azkoitiko Udalak pleno bidez aukeratutako abokatua dela. Aranbarrik jakinarazi du, bestetik, Azkoitia Lantzen-eko abokatuaz gain, bere abokatu propioa duela. Arrazoia argia da:  «Azkoitia Lantzen-eko abokatuak ez ditu ez nire interes propioak ez Azkoitia Lantzen sozietatearenak defendatzen». Guztira hiru abokatuk hartuko dute parte kasuan, beraz. Momentuz ez du deklaratzeko data berririk jaso Aranbarrik. Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak Azkoitia Lantzen erakundearen aurkako bigarren prozedura judiziala 2013an hasi zuen. Estatuko Ministerio Fiskalak hala eskatuta, 2004tik 2009. urtera bitartean Txalon Errekan egin ziren salerosketak ikertzeari ekin zion, ustez «dokumentuak faltsutu, fondo publikoak bidegabe erabili eta iruzur egiteagatik». Argitturen eskaera Asier Aranbarriren deklarazioa dela-eta, elkarretaratze bat egin du gaur goizean Argittu herri plataformak Azpeitiko Epaitegi aurrean. Gaiari jarraipena egiteko eta azkoitiarrei ahalik eta informazio gehien emateko asmoa dutela azaldu dute. Zentzu horretan, herritarrei informazio «argia» emateko eskatuko diote larunbatean Azkoitiko alkate izendatuko duten Javier Zubizarretari. Aurrerantzean berarekin biltzeko asmoa agertu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide