Komunitate musulmanak hitzaldi bat antolatu zuen aurreko astean Azkoitian, elkarrizketari bidea irekitzeko. 50 lagun inguru bildu ziren Kultur Etxean, meskitaz iritziak partekatzeko
Azkoitiko musulmanen komunitateak Floreaga Berri plazan meskita berri bat eraikitzeko asmoak sortutako kezka dela-eta, elkarrizketa sustatzeko hitzaldia antolatu zuen pasa den asteazkenean. Hizlari aritu ziren Hajar Samadi Bidaia elkarteko lehendakaria eta Aziz Messaoudi Fivasco Euskal Herriko Federazio Islamiarreko lehendakariak.Hitzaldian «elkar ulertzeko» pausoak eman zituzten. 50 bat lagun bildu ziren herriko Kultur Etxean, eta ekitaldi lasaia izan zen, gaztelaniaz. Parte-hartzaileen artean zeuden, besteak beste, Azkoitiko meskitaren erabiltzaileak, Floreaga auzoko bizilagun batzuk, Caritas elkarteko kideak eta Urrategi Alberdi Azkoitiko jarduneko alkatea.
Meskitak izango duen erabilerari dagokionez, egunean bost errezo egiten direla azaldu zuten, -bakoitza bost edo hamar minutukoa-, eta ostirala dela egunik garrantzitsuena. Meskitaren erabiltzaileak gizonak izango dira.
Azken asteetan izandako kexei erantzuteko gogorazi zuten 2003. urtetik badela jada meskita herrian -San Martingo 1. zenbakian- eta inoiz ez dela istilurik izan. Meskita hura txiki gelditu zaie ordea, eta Floreaga auzoan kokatzen dena da hura ordezkatzeko aurkitu duten lokal berria.
Elkarbizitza ere izan zen hizpide hitzaldian. Hajar Samadi-ren ustez, «bizikidetasuna sortu egin behar da», eta hori «egunerokotasunean» egiten da. Bide horretan «ezjakintasunari beldurra izatea normala» dela iritzi zion Floreagako bizilagun batek, eta horretarako, informazioa izatea eskatzen dutela.
Autokritikarako tartea ere egon zen hitzaldian. Zentzu horretan, azken urteetan Azkoitia bizileku duen herritar batek hartu zuen hitza. «Oraindik ez dugu bertakotzea lortu, baina biltzar honekin gizarteratze bidean pauso bat aurreratzen dugu».
Urrategi Alberdi Azkoitiko jarduneko alkateak hartu zuen hitza bukaeran, eta argitu zuen meskitari buruzko txostena edonork duela eskuragarri. 2014ko maiatzean eskatu zuten Floreaga Berriko 3. zenbakiko etxepekoek udaletxean, eta informazioa hil berean eta idatziz jaso zutela azaldu zuen Alberdik.