Ramon Azpitarte 'Imuntzo'
Epelarrekin trikitia jotzen hasi zen Imuntzo 16 urte zituenean, eta handik bi urtera grabatu zuten aurreneko diskoa, 1988an. Trikitixaren hamarkada gozoa izan zen 80koa. 1991n ospatutako azken Trikiti Txapelketa Nagusian Belokirekin hartu zuen parte jada, eta elkarlanean jarraitzen dute gaur egun ere.
Udaran Pirineo Sur jaialdian hartuko duzue parte. Sorpresa izan al da zuentzat?
Duela urte batzuk Huesca (Aragoi, Espainia) inguruko Boltañako jaialdian izan ginen. Orain, Pirineo Sur-en jotzeko gonbita otsaila inguruan jaso genuen, eta gustura hartu genuen albistea. Uztailaren 5ean joko dugu, arratsaldeko 18:00etan, eta ordubeteko emanaldia izango da. Taldean joko dugu, hau da, bateria-jotzaile bat, biolinista bat eta Beloki eta biok arituko gara, bi eguneko jaialdian.
Jazz musikatik hasi eta reggae, flamenko, hip hop eta salsa doinuak entzuten dira jaialdian. Aurreneko aldiz entzungo al dira trikiti doinuak?
Gurekin harremanetan jarri zen gizonak esan zigun diskografia ikusi zuela eta gu gonbidatzea erabaki zuela. Hala ere, beste aldi batzuetan jo zuten Oskorrik, Korrontzik, Tapia eta Leturiak eta Kepa Junkerak. Antolatzaileek ezagutzen dute guk egiten dugun musika eta, beraz, gonbidatzen gaituzte tarteka.
Jaialdi indartsua da, jendetza biltzen da bertan. Plaza handietan jotzera ohituta al zaudete?
Normalean hemen inguruko herrietan jotzen dugu, baina tarteka tokatzen zaigu jotzea Bilboko Casillan edo Anoetako Belodromoan.
Zenbat disko grabatu dituzue?
Aurrenekoa Epelarrekin grabatu nuen nik, eta, gero, zortzi Belokirekin. Orain, berriz, bederatzigarrena grabatzen hasiko gara.
Zer nolako diskoa izango da?
Uztaila bukaeran hasiko gara, eta Elkar argitaletxean grabatuko dugu. Dagoeneko prest dugu materiala. Denetik izango du diskoak. Kalean zortzi disko ditugunez, pentsatu dugu kanturik esanguratsuenak edo gehien entzun direnak bilduma batean sailkatzea eta berritzea. Haizeberritu egingo ditugu abestiak. Hala ere, kantu berriak ere sartuko ditugu.
Udara lanpetua izango duzue, beraz.
Bai. Programatuta dugu hamar bat egun pasatzea estudioan. Gainerako egunetan, tokatzen denean, kontzertuak ematen ibiliko gara.
Posible al da zuretzat musikatik bizitzea?
Bai, ni musikatik bizi naiz, eta pribilegiatua sentitzen naiz. Geroz eta zailagoa baita. Kontzertuak emateaz gain musika eskoletan trikitia erakusten diet gazteei.
Beraz, sasoiko dago trikitia.
Kalean asko entzuten da, oso giro alaia jartzen duelako, eta hori ederra da. Giro hori gustatzea, gainera, erraza da; ikasteak, ordea, orduak sartzea eskatzen du. Afizioa badago, kontua da ikasleek eskolaz kanpoko ikasgai asko dituztela eskuartean eta hori nabaritzen da gero. Orain, herriko festak hasi dira, eta ikasleekin saioak ematen ditugu. Giro polita sortzen da kalean, eta ederra da hori.