'Zure aurrekari penalak' diskoaren aurkezpen lanetan buru-belarri sartuta dabil Anari (Azkoitia, 1970) azken asteotan. Bihar herrian, Azkoitiko Matadeixen aurkeztuko dute lana.
Anariren zazpigarren diskoa da Zure aurrekari penalak. Bilbon, Donostian eta Gasteizen entzun dituzte dagoeneko kanta berriak eta laster helduko dira Iruñea eta Baiona. Bihar, Azkoitiko Matadeixen, «etxean», joko du Anarik, 22:30etik aurrera, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatura. Betiko legez, ondoan izango ditu Xabier Olazabal Drake, Mikel Txopeitia, Borja Iglesias eta Mariano Hurtado. Kontzertuaren atarian HITZAri erantzuteko tartetxoa hartu du.Zer moduz doa diskoaren aurkezpena?
Egia esan, oso gustura gaude. Gure herrian zaharrek esaten duten bezala, nahi baino hobeto. Gauza ederrak entzun eta iritsi zaizkigu, aurkezpenetara ere jende asko etorri da, eta dagoeneko kantuak ere kantatzen dituzte kontzertuetan. Horrek esan nahi du diskoa entzun dutela, eta ni oso pozik nago.
Eta, zeuek, nola sentitu zarete?
Egia esan, bertigo pixka bat ematen du hasieran, kantu berriak direlako eta inoiz ez dituzulako jo jendaurrean. Diskoko kantu horiek zer egingo duten ere ez dakizu hasieran, gora edo behera egingo duten, lasaiagoak edo indartsuagoak izango diren. Gustura jo dugu, eta kantekin ere gustura sentitu gara.
Zein da taulara igo aurreko sentsazio hori?
Beti pentsatzen duzu dena ondo aterako dela, baina era berean, desastre bat izan daitekeela ere badakizu. Aukera horrek ez du inoiz alde egiten. Deskuidatu ere egin zintezke, nahiz eta hori niretzat sekulako desastrea ez den. Beti dago tentsio moduko bat. Eta topikoa den arren, kontzertu bakoitza bakarra da.
Eta bukaera?
Kontzertu bakoitzak sentsazio desberdina ematen dizu. Azkenean, disko bat zuk ipintzen duzu eta besteak entzun egiten du, baina kontzertuetan ematen duenaz gain jasotzen duenak ere asko markatzen du. Jendeak diskoa nola hartu, kontzertua beroagoa edo hotzagoa izango da. Denetarik egoten da.
Nola sortu da Zure aurrekari penalak? Zein da sortze prozesuan izan duen istorioa?
Irla Izan diskoa atera genuenetik bost urte eta erdi pasatu dira. Diskoa ezagutzera eman baino pare bat urte lehenago hasten naiz ni lanean. Asko idazten dut eta material asko pilatzen zait. Gero, iristen da momentu bat pentsatzen hasten naizena material horrekin zer egin dezakedan, eta forma ematen saiatzen naiz. Prozesu bat da, momentu batzuetan gertuago ikusten duzu, eta, beste batzuetan, urrunago, dena lotu behar delako. Eta bukaera beti da gogorra niretzat.
Juan Luis Zabalari Berrian emandako elkarrizketan zenioen, Zure aurrekari penalak ez dela horren disko gitarreroa, hitzen garrantzia nabarmentzeko ahotsean zentratu zarela gehiago. Esperientziak ematen duen konfiantzaren ondorioa izan al daiteke hori?
Ez. Nik hitzei beti eman diet garrantzia, disko guztietan. Disko hau ekoiztuta dago bakarlarien diskoak produzitzen diren parametroetan. Baina hori nahiko gauza subjektiboa da. Gustu kontu bat izan da. Azkenean, erabaki bakoitzaren atzetik ez dago horrelako argumentaziorik edo arrazoi borobilik. Kriterioa askotan zerbait desberdina egitea da. Ez zen aurretik pentsatuta nuen zerbait, eta, batak bestea eman duela esango nuke. Ez da erraza dena kontrolpean iza- tea, eta guk ahal dena egiten dugu.
Bihar herrian, Matadeixen joko duzu. Kontzertu bakoitza desberdina dela esan dugu, baina zuretzat behintzat biharkoa berezia izango dela pentsatzen dut.
Bai. Niretzat oso berezia izango da, Matadeixe delako, etxean delako eta Maxixatzenek antolatzen duelako. Ni Matadeixen hasi nintzen. Beraz, aukeratu dugu bertan, eta, ez beste leku batean, jotzea.