Ikastola berria eraikitzeko lanetan «irregulartasunak» salatu ditu ELA sindikatuak

Ana Abarisketa 2015eko maiatzaren 19a

Urrian hasi ziren Xabier Munibe Ikastolaren eraikin berria egiteko lanak, 18 hilabeteko epea dute. Langile gehienek Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenik ez dutela esan du ELAkAzkoitiko Xabier Munibe ikastolako DBHko eraikin berriaren lanetan ematen ari ...

Urrian hasi ziren Xabier Munibe Ikastolaren eraikin berria egiteko lanak, 18 hilabeteko epea dute. Langile gehienek Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenik ez dutela esan du ELAk

Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako DBHko eraikin berriaren lanetan ematen ari diren «irregulartasunak» salatu zituen atzo ELA sindikatuak, Azkoitian. Bertan lanean ari diren langile gehienei Gipuzkoa Eraikuntzako hitzarmenean jasotzen diren puntu nagusiak ez zaizkiela ezartzen esan zuten.

Orain hamar bat lagun ari dira bertan lanean, baina lanak aurrera doazen heinean gehiago izango dira. Langile horiek hitzarmenean sinatutakoa baino «askoz gutxiago» kobratzen dutela salatu zuten, eta askotan aparteko orduak sartzen dituztela. Igor San Jose ELAko eraikuntzako arduradunaren hitzetan, langileak jasaten ari diren «presioa, esplotazioa eta lan segurtasun faltak» konponbide «azkar» eta «zehatza» behar du.

ELAk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultur sailari eta Azkoitiko Udalari bilera proposamena luzatu zien atzo, eraikuntza publikoetan langileen lan baldintza eta segurtasun neurriak bermatzearren. Sindikatuaren arabera, nahiz eta erantzunkizuna Eusko Jaurlaritzarena izan, Azkoitiko Udalak badu zereginik gai honetan, izan ere udalak berak baimendu zuen ikastetxe berria egiteko lur eremuaren salmenta.

Lau milioi eta erdi

Eraikin berria egiteko lehiaketa publikoa Vias y Construcciones enpresak irabazi zuen. ELAk esan duenez, hasieran 7,5 milioi euroko aurrekontua zuen, baina azkenean 4.519.350 milioi eurotan eman zituzten lanak. 26 enpresa aurkeztu ziren lehiaketara.

Lanak hasierako fasean dira oraindik, eta lanak bukatzeko epea beste hamazortzi hilabetetakoa da.

Xabier Munibe Ikastolaren eraikin berria, ikastetxeko ikasleek eta irakasleek bizi duten egoerarari irtenbidea emateko jarri zuten abian; izan ere, azken urteetatik leku faltan dira gaur egungo ikastetxean, ikasle kopurua handitu baita.

Gaur egun, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak sakabanatuta daude, eta horietako askok Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIn hartzen dituzte eskolak, metaleko eta egurreko ikasketak eskaintzen dituzten eraikinaren sotoetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide