Asier Aranbarri Azkoitiko alkate ohiak esan du Azkoitia Lantzeneko presidente bezala deitu dutela deklaratzera, eta ez pertsona gisa.«Lurralde eta ingurumen antolaketako» delitua egotzita deklaratu beharko du ekainaren 10ean Azpeitiko Instrukzio Epaitegiko lehen zenbakian.
«Zitazioa irakurtzean, ikusten dut Azkoitia Lantzeneko Presidente moduan nagoela deitua, itxurazko lurralde antolaketa eta ingurumen delitu batengatik. Ez gehiago eta ez gutxiago», dio Aranbarrik aurreko astean hedabide desberdinetara bidalitako prentsa oharrean. «Egunean bertan epaitegira jotzen dut, eta aurre dilijentzietan Azkoitia Lantzen dagoela inputatua esaten didate, sozietate moduan». Azkoitiko alkate ohiak dio, Zigor Kodeak izandako erreformaren ondorioz, 2010etik aurrera posible dela pertsona juridikoak inputatzea.
Udalarekin haserre
Aranbarrik dio inputazioaren berri maiatzaren 7an izan zuela, «hauteskunde kanpainaren hasieraren bezperan». Alkate ohiak gogor salatu du Azkoitiko Udal Gobernua, albistearen berri emateko «hauteskundeen zain» egon direla leporatuz: «Ezin duzu ulertu egia horrela manipulatzeko gai dagoen gizabanakorik egon daitekeenik».
Inputazioari dagokionez, «lasaitasunez» hartu du albistea. «Lehenik, goitik behera eta ezker eskuin izan da aztertua gure garaiko kudeaketa. Auditoria publiko zein pribatuen bidez», esan du.
Aranbarriren auzipetzeak 2013an du jatorria; Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak erakundearen beraren aurkako bigarren prozedura judiziala hasi zuen urte hartako azaroan. Estatuko Ministerio Fiskalak hala eskatuta, 2004tik 2009 urtera bitartean Txalon Errekan egin ziren salerosketak ikertzeari ekin zion, ustez «dokumentuak faltsutu, fondo publikoak bidegabe erabili eta iruzur» egiteagatik.
Hauteskundeei begira ere, «lasai» omen dago Aranbarri. Gaur egun, aholkularia da Aranbarri Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Publikoko eta Justiziako sailean; Josu Erkorekaren taldean hain zuzen ere.
Hitzaldia, Elkargunean
Asier Aranbarriren inputazioaren harira, Ahostar Zelaieta kazatariaren hitzaldia antolatu dute gaur, 19:00etatik aurrera, Azkoitiko Elkargunean.
Hitzaldia, Argittuk antolatu du eta inputazioaren atzean zerbait «gehiago» ote dagoen aztertzea dute helburu. Hitzaldian edonork har dezake parte.