Elkarretaratzea, atzo, meskita jartzekoa diren lokalen aurrean
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Floreaga auzoan bailarako meskita jartzearen aurka, elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka lagunek. «Aparkamentu arazoak» areagotuko dituela eta, adierazi dute ez dutela Floreagan meskitarik nahi, eta udalari eskatu diote harako lizentziarik eman ez dezan eta «horrenbeste arazo emango ez lukeen» beste leku bat egokitu dezan. Bilkurara, auzotarrak hasi dituzten mobilizazioen aurkako beste hainbat lagun ere agertu ziren, eta horiek eskatu zuten «ez hitz egitea auzotar guztien izenean» .
Protesta deitutakoek adierazi zuten auzoak lehendik «irisgarritasun eta aparkamentu arazoak» dituela, eta bailarako meskita egiteak «mugimendu asko» sortuko duela. Horrek, beraz, egungo aparkamentu arazoak areagotuko dituela azpimarratu dute. Gaiaren inguruan, udalaren «informazio falta» salatu, eta lizentzia eman aurretik auzotarrei galdetu diezaieten eskatu dute. Sinadura bilketa hasi dute, eta aztertzen ari dira udalaren aurka salaketa jartzea, «aurrez bizilagunei galdetu gabe meskita egitea ahalbidetzeagatik».
Floreagako 1 eta 3 zenbakiko etxabean dira egitekoak meskita, komunitate musulmanak enpresa bati lokalak erosi ondoren. Salerosketa pribatua izan da, beraz, eta Urrategi Alberdi alkateak adierazi du udalaren «zeregin bakarra» dela obra baimena ematea: «Legeak eskatutako baldintzak betetzen badituzte, udaleko teknikariek baimena ematea proposatzen dute. Jarduera baimenari dagokionez, legeak dio halako kasuetan udalari soilik jakinarazi egin behar diotela lokalean zer egingo duten. Jarduera baimenik ez dute behar». Alberdik jakinarazi du oraindik ez dagoela lizentzia emanda, teknikariak txostena prestatzen ari baitira. Horrez gain, adierazi du informazio eske joan zaizkienei azalpenak eman dizkietela.
Alberdiren ustez, halako erreakzioak «tristeak» dira. «Errezatzeko lekua da meskita, bakean joaten dira. Beraz ez da arazoak sortzen dituen leku bat. Oinarrian, beldurrak daude halako jarreren atzean», adierazi zuen atzo Azkoitian egin zen mahai inguruan. Honen arabera, orain arteko meskita txiki geratu zaiela eta «denbora luzez» aritu dira beste bat bilatzen, eta Elkargunean bildu izan direnean ez dute «inolako arazorik» sortu.
"Tirita, zauria baino lehen"
Elkarretaratzea deitu zutenen esanetan, «ez gaude musulmanen aurka. Ez gara erjilio kontutan sartzen». Salatzen dutena «aparkamentu arazoak» badira ere, hainbaten ahotik etorkinen aurkako irainak eta mezu xenofoboak entzun ahal izan ziren. «Segi zure herrialdera eta eraiki ezazu han eliza bat», esan zioten, esaterako, Abdeslam Serroukh musulmanari. Bere iritzia eman zuen Floreagako bizilagunak, eta «arazoa auzokoa baldin bada», «ulergaitza» zeritzon «auzotarrak ez direnak» ere agerraldian egotea. Mobilizazioen aurrean, berriz, honakoa azpimarratu zuen: «Zauria egin baino lehen tirita ari gara jartzen». «Arazoak baldin baditugu, euren osotasunean eman diezaiegun irtenbidea, baina ez batzuk besteen aurka jarriz. Orain arte bizikidetza ona genuen. Tentsioa sortu baino, beste irtenbide batzuk badaude».
Jon Bastarrika Floreagan bizi izan den beste bizilagun batek, berriz, eskatu du «auzotar guztien» izenean ez dezatela hiz egin, «beste asko» daudelako haiekin bat egiten ez dutenak. Bastarrika 23 urtez bizi izan da Floreagan, eta adierazi du «betidanik» egon dela aparkamentu arazoa han. «Arazoa aparkamenduena izan balitz, guztiok egongo ginake ados eskatzen dutenarekin. Baina esaten dutena oso hipokrita da, lehendik autobusez beteta egon ziren aparkamentua izan zelako. Gainera, mobilizazio hauetan auzoaren goikaldean bizi direnak ari dira parte hartzen, eta eurek ez dute aparkamendu arazorik». Halako kontuekin «erabilera politikoa» egitea «arriskutsua» dela ohartarazi du, halako jarrerek «arrazakeria eta xenofobia» bultzatzen dutelako.
Elkarbizitzarako deia
Gaiaren harira, udal gobernuak bozeramaile batzordea egin zuen astelehenean, eta handik abiatuta, adierazpena sinatu dute Bilduk eta Azkoitia Baik. Adierazi dutenez, EAJ eta PSEren erantzunaren zain daude. Elkarbizitzarako deia egin diete herritarrei, jatorri desberdinetako herritarrek «aniztasuna eta aberastasuna» ematen diotelako herriari, eta Giza Eskubideen gutuna ekarri dute gogora: «Herritar guztiek dituzte eskubide eta betebehar berdinak, inor ezin da bere arraza, genero, erlijio edo sinismenengatik baztertu, eta Azkoitiak aspalditik erakutsi du horretarako gai dela. Jarraitu dezagun horretan». Udalak herritar guztien eskubideak bermatzeko «betebeharra» duela eta, kasu honetan ere hala egingo dute. Beraz, azpimarratu dute «legeak behar bezala betez gero», herritar guztek dutela lokal batean jarduera eta obra baimena jasotzeko eskubidea.
Gaia «inolako erabilera politikorik gabe» erabiltzeko konpromisoa hartu dute taldeek, «edonolako alderdikeriaren gainetik dagoelako azkoitiarren arteko elkarbizitza eta giza eskubideen errespetua». Herritarrei, berriz, adierazi diete gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak argitzeko bilerak egiteko eta «eman beharreko azalpen guztiak» emateko prest daudela.