Urrategi Alberdi
(Aritz Mutiozabal)
Lehenengo agintaldia izan da EAJk gobernatu ez duena. Zer balorazio egiten duzu?
Agintaldi gogorra izan da, baina aldi berean, ilusioz betetakoa. Lau urtetako aukera aprobetxatu nahi izan dugu beste era batera politika egiteko modua dagoela jendeari adierazteko, eta jendearekin batera prozesu hori egin nahi izan dugu. Aberasgarria izan da, baina baita gogorra ere; horren adierazgarri da hemen topatu zuen egoerarengatik Pello [Bastarrika] gaixotu izana. Egoera ekonomiko oso zailarekin egin genuen topo, udalean eta bereziki Azkoitia Lantzen-en. Udalaren zorra bideratzen joan gara, eta uste dut oso ondo egin dugula. Zerbitzu guztiak mantentzea izan da gu lehentasuna, eta hala egin dugu. Baina inbertsioak egiteko aukerarik ez dugu eduki, eta amaieran, egoerari buelta eman eta gero, ari gara ikusten emaitzak.
Pello Bastarrikak dimititu zuenetik zara alkate. Orain, zergatik aurkeztu zara berriz?
Ikusten dugulako lau urte oso gutxi direla aldaketa bat benetan sakontzeko. Beste lau urte behar dira jendea ohartu dadin modu desberdinak daudela politika egiteko, eta guk gurea zein den azaldu nahi dugu. Herritarrekin batera, herria eraikitzen jarraitu nahi dugu, eta lau urtetako aukera hau polita da ikusi dezaten.
Zein lehentasun dituzue?
Herritarrekin batera herria eraikitzen segitzea. Arlo sozioekonomikoan alternatiba ekonomikoak bilatzen jarraituko dugu, herriko eragile, enpresa, langile, sindikatu eta ikastetxe guztiekin. Haiekin batera sare bat bultzatzen ari gara, eta alternatiba ekonomikoak lan baldintza duinekin zehazteko. Kirola eta kultura ere herritarrekin batera bultzatu nahi dugu, eta kultur mahaia indartu eta kirol kontseilua sortuko ditugu. Era berean, ikusten dugu ume eta gazteekin lanketa berezi bat egin behar dela.
Azkoitia Lantzen kiebra jotzeko arriskuan egon da hainbatetan. Egun, arrisku horretan al dago?
Azkoitia Lantzen-en zeuden hainbat konpromiso bideratu ditugu. Negoziazio gogorrak izan ditugu, eta oraindik bideratzen ari gara hainbat gai. Oraindik auziak daude, eta horietatik etorri daiteke kiebra bat. Oraindik arrisku egoeran dago, baina bideratuta daude gauza asko. Arau ordezkatzaileetan, esaterako, aldaketa bat egiteko lanean ari gara; arkitekto talde bat kontratatuta daukagu, Intsausti eremuari irtenbide bat emateko. Orain dagoen planeamentuak ezer egiteko aukerarik ez zuen ematen; luxuzko etxebizitzak egiteko proposamena zegoen, eta egun ezin dira egin. Enpresak handik atera beharko liratezke, eta hori ez da bideragarria. Beraz, aldaketa egiten ari gara inplikatuta daudenekin, bilerak eginez, zerbait bideragarria egitea planteatuko dugu, eta berdin Txalon Errekan.
Udal gobernuaren ardatzetako bat izan da parte hartzea sustatzea. Nolako erantzuna jaso duzue? Formuletan asmatu al duzue?
Hainbat saiakera egin ditugu. Hasieran egin genuen planteamendutik amaierara arte aldaketa batzuk egon dira. Ahalik eta jende gehienak parte har zezan saiatu izan gara. Bileren formularekin, askok ezin izaten dute bileretara joan, eta orduan bestelako bide batzuk bilatzen ibili gara. Ez gaude ohituta modu horretara parte hartzen eta erabakiak hartzen. Prozesu bat dela uste dut, eta ohitura hori sortzen joan behar dugu. Ahalik eta gehienengana iristeko bideak asmatzen joan behar dugu.
Partaidetza prozesu baten ondorioz eta hondakinen mahaitik adostu zen sistema mistoa bera, baina bozkatu zuten gehienek ezetz esan zuten galdeketan. Zerbaitetan huts egin duzuela uste al duzu?
Herritarrekin egiteko ahalegin berezia egin dugu, eta hala egin da. Hasieratik ateak irekita egon dira guztientzat. Hainbat aukera aztertu ziren, adostu ziren gutxieneko batzuk; gero udalbatzak onartu genituen. Ondoren, sistema adosteko beste prozesu bat egon zen, eta hor ere gonbidatuta egon ziren aurka daudenak, eta inoiz ez dira joan. Gu saiatu, saiatu gara. Gure programan atez atekoa jarriko genuela esan genuen, sistemarik egokiena iruditzen zitzaigulako, eta jarri dugunak ez du zerikusirik atez atekoarekin. Hor nabarmen ikusten da sistemak adosten saiatu garela. Oso gustura gaude emaitzekin, herritarrak oso ondo ari dira birziklatzen, eta datuak hor daude. Giro lasaian ari dira gauzak ondo egiten, eta zoriontzekoa da hori.
Galdeketan 1.700ek esan zuten ez daudela gustura, eta 1.500ek baietz esan dute. Baina emaitzak geure egingo genituela esan genuen, eta hala egin dugu. Jarraipen Batzordera eraman ditugu, eta mankomunitatearekin ari gara lotzen sistema hobetzeko eta guztientzat erosoa izateko modua. Lehengo astean izan genuen Jarraipen Batzordeko bilera, eta oso giro onean, denok ados gaude mankomunitateak zer moldaketa egin aztertu behar duela.
Hurrengo agintaldira begira, aldaketarik egingo al dituzue hondakinen kudeaketan?
Sistema hobetzeko aldaketak egingo ditugu. Mankomunitatea ari da lantzen hori. Esaterako, organikoen edukiontziak arazoak ematen ditu. Puskatu egiten dira. Hobetzen ari dira, baina horrek irtenbide bat behar du. Bestelako planteamenduak ere lantzen ari dira mankomunitatean.
Hainbat aldek gezurrak esan izana salatu izan duzue. Horrek eraginik izango al du datozen hauteskundeetan?
Mezua ez da Azkoitikoa bakarrik izan; orokorra izan da. Hondakinen inguruko mezuak erabiltzen ari dira Bilduren eta bere proiektuen aurka egiteko. Herritarrak berotzeko erabiltzen ari dira. Ez da zintzotasunez eztabaidatzen gai hau. Egia esan, ez dakit zer eragin izango duen.
«Oposizio zikina» egitea leporatu izan diezue EAJri. Nolako oposizioa egingo zenukete zuek?
Uste dut oposizioa egin behar dela daukazun proiektuen inguruan; hau da, norberaren proiektua defenditzen. Beraiek eta guk ditugun proiektuak desberdinak dira, baina askotan bat egiten dugu. Bilatu izan ditugu adostasunak hainbat puntutan, eta hori da egin beharrekoa. Baina bideak ez dira berdinak, eta bakoitzak borrokatu beharko du sinesten duen bide hori aurrera eramateko. Baina borrokatu beharko du defenditzen eta arrazoitzen, era jator batean. Oposizioa egitea hori da.
Nolako Azkoitia nahiko zenuke?
Denon artean aurrera egiten duen Azkoitia bat nahi dut. Duten jatorria eta ideologia edozein izanda ere, denak kontuan hartuko dituen Azkoitia bat nahi dut, solidarioa.