Javier Zubizarreta
(Ane Olaizola)
Independete gisa aurkeztu zara udal hauteskundeetara. Zerk eraman zaitu EAJren taldearekin bat egitera?
Aukera bat eman didate taldea osatzeko, eta gustuko taldea eta taldekideak dauzkat. EAJ alderdia begikoa dut, baina iruditzen zait politika beste modu batera egin dezakegula, eta horregatik aurkezten naiz independente bezala. Horixe da daukagun berezitasuna.
Zein izango dira EAJren lehentasunak datorren agintaldian?
Beti esan izan dugu gure lehentasunak pertsonak direla. Pertsonek osatzen dute herria, eta herriaren jabe dira herritarrak, pertsonak. Orduan, beti kontuan hartu behar dugu garai desberdinetan zer premia edukitzen dituzten pertsona horiek, eta ahalegindu behar duguna da dauden betebehar horiek osatzen joatea. Hortik abiatuta aterako dira aurrera begirako proiektuak. Baina, berriro diot, pertsonei begira kudeatuko dugu agintaldia; ez dugu nahi inor baliabiderik gabe geratzerik. Adinaren arabera, behar desberdinak egoten dira, eta horiek osatzen ahaleginduko gara.
Zuen ardatzetako bat herrigintza izango dela diozue. Nola ulertzen duzu herrigintza?
Gure ustez herrigintza herritarrentzat lan egitea da, ez alderdi politikoentzat, erakundeentzat eta noski, guretzat ere ez. Parte hartzearekin, elkarrizketarekin eta akordioak lortuta egingo dugu hori. Bidea hori dela uste dut, ahalik eta bizikidetza onena izan dezagun. Pauso horiek eman behar ditugula uste dut, eta emateko prest gaude.
Asier Aranbarrik aurreko agintaldiaren kudeaketari buruz esan zuen «ez denak arriskatzen ez du ezer lortzen», EAJk hauteskundeetako taldea aurkeztu zuenean Azkoitian. Filosofia hori jarraituko al duzue?
Guk gure filosofia pertsonala daukagu. Egunean egunekoa egingo dugu, eta aurrera begirako aukerak baldin badaude, eta zerbait arriskatu behar bada, baina zerbait, egingo dugu. Baina, jakin egin behar da zenbat arriskatu behar den. Neurrian arriskatzea askoz ere hobea da lo egotea baino. Orduan, ikusten badugu edozein arlotan, pixkat arriskatzeak merezi duela, egingo dugu, baina pixka bat. Ez dugu nahi behintzat gure arriskuengatik ez asmatu eta beste guztia zintzilik lagatzerik. Aztertuko dugu, ikusiko dugu zer aukera dauden, eta kudeaketa on bat egingo dugu.
Azkoiti azkoitiarrentzat lelopean aurkeztu zenuen zure hautagaitza. Zer adierazi nahi izan zenuen horrekin?
Ikusten dugu azkoitiarrak direla Azkoitian bizi direnak, Azkoitira etortzen direnak, Azkoitiagatik arduratzen direnak, herria aurrera atera nahi dutenak, azkoitiar bezala sentitzen direnak, herria maite dutenak, eta herriari ahalik eta onena opatzeko mugitzeko prest daudenak. Beraz, herri bat horientzat egin behar da.
Lehenengo aldiz, EAJ oposizioan egon da Azkoitian. Amaitzear den agintaldiko zer balorazio egiten duzu?
Talde bezala, ditugun iritzi eta kontzeptuekin aurrera segitzeko asmoa daukagu, eta galdera horri erantzuteko, bertan daukagu maiatzaren 24a. Azken agintaldiko kudeaketa nolakoa izan den herritarrek esango dute, hauteskundeen bidez. Gu ez gara hasiko hori baloratzen. Zoritxarrez, horrelako balorazioek ika-mika asko eragiten dute, eta horrek ez du inora eramaten. Ez dugu horretaz hitz egingo; errespetuz hitz egingo dugu, eta hitz egin behar dugun lekuan egingo dugu. Orain, herritarrek hitz egingo dute, eta eurek emango dute beren iritzia azken agintaldiari buruz.
EAJk berriz alkatetza lortzeko giroa sumatzen al duzu herrian? Zer espero duzu?
Horretan saiatzen ari gara, eta lana ondo egiten ari gara. Herriko guztiekin gaude harremanetan, eta horrek guztiak helburu bat dauka: orain arteko kudeaketaren beste aukera bat badagoela uste badute, eta aukerarik onena gurea dela irizten badiote, lanak ondo egin behar ditugu, eta herriaren esku geratuko da gero. Herritarrentzat alternatiba hobea baldin badugu, esan nahi du irabaztea nahi dugula, eta espero dugu inori hutsik ez egitea. Noski, badugu irabazteko esperantza, eta asmo horrekin goaz. Hala ere, beti esaten dugu lortzen ez duenak ez duela porrot egiten, baizik eta ahalegintzen ez denak egiten duela porrot; eta gu ahalegintzen ari gara.
Nolako Azkoitia nahiko zenuke?
Gure programan argi jartzen du; esan bezala, herritar guztiekin egon gara, eta haien beharrak betetzen dituen Azkoitia bat nahi dugu; herri txukunagoa nahi dugu, guztiek euren aukerak eduki ditzaketen herria, adinekoek ere ahalik eta zahartzaro onena izan dezaketen herria, azpiegitura onak dituen herria... Bizitzan, adinaren arabera behar desberdinak dituzte pertsonek, eta horiek ahalik eta ondoen asetu behar dizkiegu, bizi kalitate hobea izan dezaten. Horren barruan daude lanpostuak sortzea eta aisialdirako guneak egitea, esaterako.