Guifinet Internet zerbitzuari buruz informatuko dute hilaren 20an

Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 13a, 00:00

Landa eremuko herritarrek etxetik sarera konektatu ahal izatea bermatu nahi du udalak. Lineak erabitzaile askoren artean banatzeko aukera ematen duAzkoitiko baserri auzoetako bizilagunek Internet erabili ahal izateko, Guifinet sistemara jotzea erabaki ...

Landa eremuko herritarrek etxetik sarera konektatu ahal izatea bermatu nahi du udalak. Lineak erabitzaile askoren artean banatzeko aukera ematen du

Azkoitiko baserri auzoetako bizilagunek Internet erabili ahal izateko, Guifinet sistemara jotzea erabaki du Azkoitiko Udalak. Azaldu duenez, «sare aske eta irekia da». Sistema horrek Internet lineak erabiltzaile askoren artean banatzeko aukera ematen duela azpimarratu du udalak. Adibideak ere eman ditu: «Esaterako, Azkoitian, kalean, Internet duen herritar batek, Elosuan edo beste auzo batean duen baserrira bideratu ahal izango du, eta bi tokietan erabili. Beste adibide bat: landa eremuko baserri batek beste batekin partekatu ahalko du linea».

Zerbitzu hori eskuratu ahal izateko azpiegitura jarriko du udalak. Gero, linea erabiltzaileek beraiek jarri beharko dute. Horretarako, instalazio bat egin beharko da etxean. Udalak azaldu duenez, antena txiki bat jarri behar da, kablea sartu eta router bat jarri. Instalazioa norberak egin dezake, baina zalantzak dituztenek udalera jo dezakete, eta handik jarriko dute harremanetan instalatzaile batekin. Dena dela, gaur zortzi, maiatzaren 20an, ikastaro bat emango dute Elkargunean. Sistemari buruzko informazioa emango dute bertan, eta parte-hartzaileei eskatu diete ahal izanez gero ordenagailu eramangarri batin joateko ikastarora. Zalantzak argitzeko bi telefono zenbaki ere baditu udalak: 943-85 71 72 eta 625- 706 374.

Antenak, hainbat tokitan

Guifinet sistemak funtzionatu dezan antenak jartzen hasia da udala herriko hainbat gunetan. Azaldu duenez, jada jarri ditu puntuak San Martinen, Zabaleta baserrian eta udaletxean. Datozen asteetan, berriz, beste hainbat eremutan jarri nahi du: Madarixan, Martirietan, Odrian eta Elosun, hain zuzen.

«Azkoitiko baserri auzoetako herritarrek aspalditik dituzte arazoak etxean Internet jartzeko. Ohiko telefono konpainien sareek ez diete kobertura bermatzen». Horri aurre egitea da udalaren helburua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide