Ekainaren 10ean Azkoitia Lantzen-eko ordezkari gisa deklaratuko du Azpeitiko Epaitegian. «Irregulartasunak» atzemanda, 2013an hasi zuten auzia. «Lasai» dagoela esan du Azkoitiko alkate ohiak
Asier Aranbarri Azkoitiko alkate ohia auzipetu du Azpeitiko Instrukzio Epaitegiko lehen zenbakiak, eta «lurralde eta ingurumen antolaketako» delitua egotzita deklaratu beharko du epailearen aurrean, ekainaren 10ean. Azkoitia Lantzen-en ordezkari bezala deklaratu beharko du Aranbarrik, hango lehendakaria izan baitzen 2011ra bitartean.Aranbarriren auzipetzeak 2013an du jatorria; Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak erakundearen beraren aurkako bigarren prozedura judiziala hasi zuen urte hartako azaroan. Estatuko Ministerio Fiskalak hala eskatuta, 2004tik 2009. urtera bitartean Txalon Errekan egin ziren salerosketak ikertzeari ekin zion, ustez «dokumentuak faltsutu, fondo publikoak bidegabe erabili eta iruzur» egiteagatik. Eremu hartako 9.1 eta 10.1 lur sailetan egindako operazioetan «irregulartasun zantzuak» ikusi ondoren abiatu zituen epaitegiak aurre-diligentziak. Hari horri tiraka eginiko ikerketagatik joan beharko du ekainean deklaratzera Azkoitiko alkate ohiak, hango «ordezkari legal» gisa.
Lehendik, EAEko kontu ikuskaritzak 2010. urteko ekitaldiari zegokion fiskalizazio txostenean «arau ez betetzeak» antzeman zituen; haren arabera, Azkoitia Lantzen-ek Txalon Errekako industrialdean 6,6 eta 3,4 milioi eurotan bi sail saldu zituen, eragiketa hori justifikatuko lukeen «administrazioko espedienterik eta prezioa zehazteko balorazio txostenik egin gabe».
2003 eta 2011 artean izan zen Azkoitiko alkate Aranbarri, EAJ alderditik, eta beraz, urte horietan Azkoitia Lantzen-en lehendakaria ere izan zen. Gaur egun, aholkularia da Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Publikoko eta Justiziako Sailean; Josu Erkorekaren taldean egiten du lan.
Aranbarrirekin hitz egin du HITZAk, eta azaldu du «oso lasai» dagoela, ez duelako «ezer ezkutatzeko». «Pertsona juridiko bezala bidali didate zizatzioa, Azkoitia Lantzen-eko lehendakaria izan nintzelako, ez da inputazio pertsonal bat, eta hori argi utzi behar da». Aranbarriren arabera, «udalak kontu honen erabilpena egin du kanpaina garaian»; izan ere, esan du zitazioa apirilaren 7an iritsi bazen ere, joan den ostegunean jaso zuela berak haren bila joateko deia. Horren aurrean, Urrategi Alberdi alkateak onartu du zitazioa apirilaren 7an iritsi zitzaiola Azkoitia Lantzen-en abokatuari. Halere, esan du helegitea jarri ziotela erabakiari, eta Aranbarriri jakinarazi aurretik, helegitearen erantzunaren zain geratu zirela. «Oraindik ez dugu jaso, eta horregatik pentsatu genuen berarekin [Aranbarri] harremanetan jartzea».
Azkoitiko alkate ohiak azaldu du Txalon Errekako kasua «artxibatu» egin zuela Estatuko Kontu Ikuskaritzak; eta, beraz, bere ustez, gauza bera egingo duela EAEkoak ere. «Ziur naiz ez dela izan Txalon Errekakoagatik. Pentsa dezakegu Eginoberriko lixibiatuengatik izan daitekeela, baina hori ere ez zait buruan sartzen, haren arduraduna delako Hierros Eguino», esan du.