Musika taldeetako ordezkariak eta udaleko ordezkariak eta teknikariak, bilera batean
(Azkoitiko Udala)
Herriko musika taldeek dagoeneko erabilgarri dituzte Azkoitiko Musikaguneko entsegu gelak. Musika taldeetako ordezkariek eta udalak adostu dute lokalen arautegia, eta adierazi dutenez, lokalen eguneroko kudeaketa musika taldeek osatutako Azkoitiko Musikeruen Elkarteak egingo du. Funtzio mantenuaren inguruko jarraipena egiteko, berriz, batzorde bat egongo da, eta elkarteko kide batek, musika taldeetako kideek, udal teknikariak eta Elkarguneko teknikariak osatuko dute taldea.
Hamasei urtetik gorakoek erabili ditzakete lokalak, eta musika taldeko kide erdiak gutxienez azkoitiarrak izan beharko dira. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik igandera, 09:00etatik 01:00etara bitartean erabili ahal izango dira, eta bertan entseatu nahi dutenek udaleko kultura sailean eman beharko dute izena, udaletxeko laugarren solairuan edo 943-85 71 70 telefonoan.
Herriko taldeentzako hiru lokal daude Musikagunean; bandaren gunean eta Bizkargi Musika Eskolaren gunarekin batera daude, baina "erabilera independentea" izan dezaten, lokaletara sartzeko eta ateratzeko ate propioa dute. Musika eskolak, bandak eta musika taldeek osatzen dute Musikagunea, eta haren helburuetako bat izan da elkarlana landu eta sinergiak osatzea. Hori hala, dagoeneko Musikagunearen "berezko izaera" lantzen hasteko moduan dira dagoeneko, eta hala desio duela adierazi du udalak.