Autoen azoka egingo dute Azkoitian, Ibilgailu Klasikoen Topaketetan

Ane Olaizola 2015eko maiatzaren 8a

Bigarren eskuko autoak jarriko dituzte salgai bihar, eta etzi egingo dituzte topaketak. Eguraldiak baldintza badezake ere, antolatzaileek 60 ibilgailutik gora elkartzea aurreikusi duteDuela lau urte Azkoitian Ibilgailu Klasikoen Topaketak egiten hasi z...

Bigarren eskuko autoak jarriko dituzte salgai bihar, eta etzi egingo dituzte topaketak. Eguraldiak baldintza badezake ere, antolatzaileek 60 ibilgailutik gora elkartzea aurreikusi dute

Duela lau urte Azkoitian Ibilgailu Klasikoen Topaketak egiten hasi zirenetik, hainbat ekintza osagarrirekin uztartu izan dute ekimena, eta aurten, aurrenekoz, bigarren eskuko autoen azoka egingo dute Plaza Berrian, bihar. Dena den, igandea izango da egun nagusia; askotariko ibilgailuen topaketak egingo dituzte, eta Euskal Herriko eta Espainiako estatuko auto eta moto ugari elkartuko dira herrian.

«Motorrak berotzen» hasteko eta herrian giroa sortzeko asmoz, ekintza berri bat probatu nahi izan dute antolatzaileek; 16:00etatik 20:30era bitartean, 30 auto inguru jarriko dituzte larunbat arratsaldean egingo duten azokan, eta interesa dutenek saltzaileekin tratua egin ahal izango dute autoa erosteko. Antolatzaileen arabera, azokan jarriko dituzte auto gehienak bigarren eskukoak izango dira, baina bat edo beste berria izango dela adierazi dute.

Ikusle asko bereganatzen dituzte topaketek, eta auto eta moto klasiko eta historikoen zaleek hitzordu berezia izango dute etzi. Beste urte batez, duela mende erdi baino gehiagoko ibilgailuak elkartu eta erakusgarri jarriko dituzte Plaza Berrian, eta aurten, esaterako, Donostiako talde berri bat batuko da, eta ibilgailu militar amerikarrak erakutsiko dituzte. Donostiako taldeaz gain, Zumarragako, Iruñeko eta Eibarko taldeak izango dira, azken horiek Lambretta motoekin. Horrez gain, Morgan markako Ingalaterrako auto bat ere egongo da.

Eguraldiaren arabera, desberdina izan ohi da parte hartze kopurua, eta horregatik, zuhur da Antonio Sudupe antolatzailea: «Leku askotatik ari zaizkit deitzen, baina egunera arte ezin da jakin zenbat etorriko diren». Dena den, 60 ibilgailutik gora izango direla aurreikusi du.

09:00etatik 10:30era elkartuko dira ibilgailuak, eta ibilbidea hasiko dute; Azpeitira joango dira, eta handik itzultzean San Jose egoitzan geldialdia egingo dute. Ondoren, Plaza Berrian jarriko dute erakusketa. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute nahi duten guztiek. Hara joateko izen ematea atzo amaitzen bazen ere, antolatzaileek adierazi dute lekua egonez gero, bazkaritara joateko aukera egongo dela igandean. Bazkaria 18 euro kostako da, eta Kutxabanken honako kontuan ordaindu behar da: ES47 2095 5071 11 9113792911. Sariak ere zozkatuko dituzte parte-hartzaile eta herritarren artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide