Hurrengo udal hauteskundeen aurrean

Jexux Oteiza Carrasco, Azkoitiko Eh Bildu Taldeko Bigarren Hautagaia. 2015eko maiatzaren 8a

Maiatzaren 8an hasiko da hurrengo udal hauteskundeetarako kanpaina eta, betiko eran, errutina norma bilakatuz kasik, EAJk programa eta proposamen ezberdinak aurkeztu ordez nahiago izan du aurkariaren izena zikinduaz aurre-kanpaina hastea. Ideia eta pro...

Maiatzaren 8an hasiko da hurrengo udal hauteskundeetarako kanpaina eta, betiko eran, errutina norma bilakatuz kasik, EAJk programa eta proposamen ezberdinak aurkeztu ordez nahiago izan du aurkariaren izena zikinduaz aurre-kanpaina hastea. Ideia eta programen inguruko eztabaida leiala izan beharko lukeena, azokako zurrumurru gaiztoen bozgorailu bilakatu dute. Edonoren izena eta ohorea zikintzea zilegi zaie baldin eta atzaparkada boto lortzen badituzte jokabide horrekin.

Kanpaina ofiziala hasi aurretik, kosta ahala kosta, Azkoitiko alkatearen izena lohitu eta iraindu nahi izan dute eragin ditzaketen ondorioei batere erreparatu gabe. Beldurra diote emaitzei; berriro EH Bildu irabazle atera dadin beldur dira, bai baitakite aurtengoa dutela azken aukera berriro ere Azkoitia beraien lagunen txiringito bilakatzeko.

Egia esateko, ez dakit zer gertatuko den maiatzaren 24an. Irabaztea nahi dugu ilusioz beteta gaudelako, eta ekimenak sendotu nahi ditugulako, baina jakitun gara hauteskundeak galdu ditzakegula. Zer gerta ere, edozeren gainetik publiko egin nahi dut Urrategi Alberdi nire alkatearekiko dudan begirune eta miresmena. Zurekin eta zure lantaldearekin orpoz orpo egin dut lan azken urte hauetan. Eta, jakin ezazu, Urra, sekulako bizipena izan dela, batzuetan gogorra, baina beti lagungarri. Zu bezalako pertsonak ezagutzeak, ezinbestean, gizaki gisa haztea eragiten du. Besteen onbeharrean pentsatzen duzu: gazteengan, helduengan, besteren menpekotasuna dutenengan, langabetuengan, etorkinengan, euskara ikasi nahi dutenengan… guztiekin zuzen jokatuz, inongo interes partikularrei erantzun gabe. Ni neu ere hazi egin naiz zure ondoan. Badakit nolakoa zaren, langilea eta zintzoa, zorrotza beti, eta horregatik eta ez beste ezerengatik erabaki dut zurekin aurkeztea EH Bilduko zerrendetan.

Aurretik aipatu bezala, ezin jakin gobernuan ala oposizioan egongo garen; berdin-berdin jarraituko dugu hala ere batean zein bestean Azkoitia zuzenago eta solidarioago baten alde lanean.

Eskerrik asko, Urra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide