«Gazteei erakutsi behar zaie lana egin behar dela aurrera ateratzeko»

Ane Olaizola 2015eko maiatzaren 7a

Azkoitiko Garagardo Azoka biziberritzeko Anaitasunarekin egindako elkarlana goraipatu du Maier Lizaso (Azpeitia, 1973) Iraurgi SB-ko lehendakariak, eta luzerako izatea espero duZer gertatu da Garagardo Azokarekin Azkoitian?Ondo hasi zen, baina azken ur...

Azkoitiko Garagardo Azoka biziberritzeko Anaitasunarekin egindako elkarlana goraipatu du Maier Lizaso (Azpeitia, 1973) Iraurgi SB-ko lehendakariak, eta luzerako izatea espero du

Zer gertatu da Garagardo Azokarekin Azkoitian?

Ondo hasi zen, baina azken urteetan itzaltzen joan da. Azpeitian arrakasta izaten du, eta ez genuen ulertzen Azkoitian zer gertatzen zen. Datak eragin duela uste dut: ekainean antolatzen genuen, eta gauza askoren artean egiten zen azoka.Orduan, Anaitasunarekin elkarlanean hastea pentsatu genuen, eta data aldaketarekin eta elkarlanarekin asmatu dugula uste dut.

Zergatik jo duzue Anaitasunarengana?

Egoerari buelta emateko; herrikoiagoa izan behar zuela pentsatu genuen. Anaitasuna oso herrikoa da, eta azoka bera herrikotzeko joan ginen haiengana.

Nola joan da lehen asteburua?

Jende asko ibili da. Gainera, produktu bera beste modu batera eman dugu aurten. Orain arte, soilik asteburura begira egiten zen azoka, eta aurten egun eta arlo guztietara zabaldu dugu. Gazteengana ez ezik, ume eta familiengana ere zuzendu gara, eta azkoitiarrak mugitu nahi izan ditugu. Arlo horretatik, oso positiboki baloratu dugu.

Bihar kirol tertulia izango da Javier Clemente, Miguel Santos, Jose Luis Larrea eta Jaume Ponsarnaurekin. Zer jorratuko dute?

Kirolari buruzko saltsa jarri nahi da, eta uste dut Clemente aproposa dela horretarako. Eskola kiroletik hasi eta helduetarainokoaz ariko direla pentsatzen dut.

Ekonomikoki, klubari zenbat eragiten dio azokak?

Autofinantzaziorako bide bat da. Laguntzak eta babesleak ditugu, baina behar dugu autofinantzazioa, eta horri ere heldu behar diogu. Ezin dugu egon zain; guk ere lan bat egin behar dugu. Dirua beti dago faltan, gauza asko antolatzen baitira, eta gastu ugari izaten baititugu. Ondo etortzen da diru hori.

Klubak bizirauteko beharrezkoa al du azoka antolatzea?

Bai. Gainera, gazteei erakutsi behar zaie lana egin behar dela gauzak aurrera ateratzeko.

Nolako elkarlana egin duzue?

Oso ondo joan da. Talde lan bat egin dugu tabernariekin batera, eta oso harreman ona egon da. Luzerako izatea espero dut.

Azarotik klubeko lehendakaria zara. Nola joan da?

Ondo. Lan asko egindako taldea aurkitu dut, eta horretan saiatu gara. Ia 500 ume daude, eta asko daude musutruk ari direnak. Txapela kentzeko moduko lana egiten dute.

Zer moduz dago taldea?

Batez ere neskak izugarrizko maila ari dira erakusten. Herri txiki bat izateko sekulakoa da, eta hor ikusten da entrenatzaileek egiten duten lana.

Zilarrezko LET Mailan jarraituko al du talde nagusiak ?

Hori da asmoa, baina babesleekin eta erakundeekin hitz egin behar da; ligan behintzat mantendu egin gara, eta gogoa badago jarraitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide