Bilketa sisteman aldaketak egin aurretik «azterketa sakona» egitea adostu du Jarraipen Batzordeak. Aldaketak errespetatu egin beharko ditu udalbatzak 2012an onartutako helburuak
Azkoitiko Udalak hondakinen bilketaren azken datuak plazaratu ditu. Jakinarazi duenez, batez beste hondakinen %79,1 bereizi dituzte herritarrek aurtengo lehenengo hiruhilekoan. Iazko epe berarekin alderatu du Urrategi Alberdi alkateak: «Joan zen urteko lehen hiruhilekoan, sistema aldatu aurretik, %40,36 izan zen batez beste gaika bildu zen tasa». Alkatearentzat aurtengo datuak oso onak dira, «aldaketa txiki batekin emaitza izugarriak lortu direlako». Herritarrak eta eragileak zoriondu ditu.Urtarrilean, sistema mistoari buruzko herri galdeketan ezezkoak irabazi ondoren, bi bilera egin ditu Jarraipen Batzordeak. EAJ, Zero Zabor taldea, Azkoitia Bai eta EH Bildu elkartu dira bilera horietan. Atez Atekoaren Aurkako Plataformak uko egin zion parte hartzeari, eta PSE-EE ez da bileretara agertu. Herritarrek galdeketan erakutsi zuten desadostasuna kontuan hartuta, aldaketak egiteko prest da Jarraipen Batzordea, baina aldaketa txikiak egitea baino, sistema bere osotasunean hobetzeko «azterketa sakona» egitea adostu dute batzordeko taldeek: «Azterketak orokorragoa izan behar du, frakzio bakoitzaren bilketa moduan zentratu beharrean». Izan ere, aldaketek baldintza batzuk bete beharko dituzte, eta udalbatzak duela bi urte onartu zituen helburuak berme izanda egingo dituzte aldaketak. Hau da, sistema jartzean sailkatze mailak %70era iritsi behar du, eta bi urteren barruan %80ko tasa lortu beharko dute. Horrez gain, errefusari ateak itxiko dizkion eta «gaika bildutakoaren kalitatea» bermatuko duen eredua izango da, eta sailkatzea derrigorrezkoa izango da.
Urola Erdiko Mankomunitatea ari da azterketa teknikoa egiten, eta emaitza esku artean dutenean erabakiko du Jarraipen Batzordeak zer aldaketa egin. Izan ere, udalaren arabera, sistemak badu zer hobeturik: «Herritarrek adierazitakoa kontuan izanik, errefusa jasotzeko bestelako aukerak eman behar ditu». Horrez gain, adierazi dute organikoaren egungo edukiontziek arazoak ematen dituztela, pisuaren ondorioz txipa puskatu eta edukiontziak irekita egoten direlako. Horiei irtenbidea ematea ere beharrezkotzat jo dute.
Plataformaren jarrera ere salatu dute. «Pauso hauek ematen ari garela jakitun izanda, gezurrak eta irainak esatea ulergaitza da», esan dute. «Ezin da onartu, sistema mistoaren kontrako kanpaina egin ondoren, emaitzak baloratzeko eta aldaketak adosteko gonbidapenari ezezkoa ematea. Plataformak nahiago izan du kanpoan gelditzea, eskuak libre izateko gatazka luzatu nahian». Azpimarratu dute beraiek ez direla «joko horretan» eroriko.