Iazko uztailetik dago indarrean sistema mistoa
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Udalak hondakinen bilketaren azken datuak plazaratu ditu, eta jakinarazi duenez, bataz beste %79,1 bereizi da aurtengo lehenengo hiruhilekoan. Hain zuzen, iazko epe berdinarekin alderatu du Urrategi Alberdi alkateak: "Joan zen lehen hiruhilekoan, sistema aldatu aurretik, %40,36 izan zen gaikako bataz besteko bilketa tasa". "Datuak oso onak" direla azpimarratu dute, "aldaketa txiki batekin emaitza izugarriak" lortu direlako, eta herritarrak eta eragileak zoriondu dituzte. "Aldaketa egin aurretik birziklagarriak eta konpostagarriak ziren hondakin asko zabortegira joaten ziren, ingurumen arazoak sortuz, eta lehengaiak zulo batera bideratzen ziren, aprobetxagu gabe ; aldiz, gaur egun, hondakin horiek, dagokion tratamendua jasotzera bideratzen ditugu azkoitiarrok".
Urtarrilean, sistema mistoari buruzko herri galdeketa egin zutenean, emaitzak "bere egin" eta jarraipen batzordera eramango zituztela agindu zuen Udal Gobernuak. Ezezkoak irabazi zuen galdeketan, eta ordutik bi bilera egin ditu taldeak. EAJ, Zero Zabor taldea, Azkoitia Bai eta EH Bildu elkartu dira bilerotan. Izan ere, Atez Atekoaren Aurkako Plataformak uko egin zion parte hartzeari, eta udalaren arabera, PSE-EE ez da bilera horietara agertu.
Herritarrek galdeketan erakutsi zuten "desadostasuna" kontutan hartuta, aldaketak egiteko prest da Jarraipen Batzordea, eta aldaketa "txikiak" egiten joatea baino, sistema bere osotasunean hobetzeko azterketa "sakona" egitea adostu dute batzordeko taldeek: "Ez da kontua egun daukagun edukiontzietara moldatzea; halako proposamen bat egin zen, baina teknikoki ez da ontzat eman. Azterketak orokorragoa izan behar du, frakzio bakoitzaren bilketa moduan zentratu baino". Izan ere, egingo dituzten aldaketek baldintza batzuk bete beharko dituzte, eta udalbatzak duela bi urte onartu zituen helburuak berme izanda egingo dituzte aldaketak. Hau da, sistema jartzean sailkatze mailak %70era iritsi behar du, eta bi urteberen barruan %80ko tasa lortu beharko dute. Horrez gain, errefusari ateak itxiko dizkion eta "gaika bildutakoaren kalitatea" bermatuko duen eredua izango da, eta hondakinak sailkatzea derrigorrezkoa izango da.
Egun, Urola Erdiko Mankomunitatea ari da azterketa teknikoa egiten, eta horiek esku artean dituztenean erabakiko du Jarraipen Batzordeak zer aldaketa egin. Izan ere, udalaren arabera, sistemak badu zer hobeturik: "herritarrek adierazitakoa kontutan izanik, errefusa jasotzeko bestelako aukerak eman behar ditu". Horrez gain, adierazi dute organikoaren egungo edukiontziek arazoak ematen dituztela, hartzen duten pisuaren ondorioz txipa puskatu egiten delako eta edukiontziak irekita egoten direlako. Horiei irtenbidea ematea ere beharrezkotzat jo dute.
Atez Atekoaren Aurkako Plataformaren jarrera ere salatu dute, eta "pauso hauek ematen ari garela jakitun izanda", "gezurrak eta irainak" esatea "ulergaitzat" jo dute. "Ezin da onartu, sistema mistoaren kontrako kanpaina egin ondoren, emaitzak baloratzeko eta aurrera begirako aldaketak adosteko gonbidapenari ezezko borobila ematea. Plataformak nahiago izan du kanpoan gelditzea, eskuak libre izateko gatazka luzatu nahian". "Joku horretan" ez direla eroriko azpimarratu dute, eta "herritarrekin eta eragileekin lanean" jarraituko dutela agindu dute. Bide horretan, herritarrei dei egin die "ingurumenaren aldeko apostuarekin jarraitzeko".