Sarasua, Mendizabal, Alberdi eta Lizarralde, agerraldian
(Ane Olaizola)
Inaxio Gorosabel Azkoitiko Obretako zinegotziak Mokoroa baserrian–bere baserria– egindako obrak salatu ditu EAJk orain egun gutxi. Atzo, udal gobernuak baieztatu egin zuen Gorosabelek lanak udal lizentziarik gabe egin zituela. Udal gobernuko Urrategi Alberdi alkateak, Esther Lizarralde alkateordeak, Joxe Sarasuak eta Itxaso Mendizabalek agerraldia egin dute, eta jakinarazi dute Txosten Juridiko Teknikoa irakurri bezain laster Gorosabelek bere ardurak utzi dituela udalean, nahiz eta zinegotzi karguan jarraituko duen. Era berean, udalak hiru espediente ireki dizkio zinegotziari.
Gorosabelek bere baserrian egindako lanak beharrezko baimenak lortu gabe egin zituen susmoa zuela azaldu zuen ostegunean EAJk, «baimena Hirigintza batzordetik ez zela pasatu ikusita»; orain dela hiru hilabete udalari obren gaineko Txosten Juridiko Teknikoa eskatu zioten jeltzaleek, hori ziurtatu ahal izateko, baina erantzunik ez zutela jaso eta, berriz eskatu dute orain, eta txostena zer prozesutan dagoen eta obren espediente datak noizkoak diren argitu ditzan eskatu zioten alkateari. Gorosabelek egindako obrak «legez kanpo egindakoak» balira, ondorioz dituen zigorren berri ematea ere eskatu zioten udalari EAJkoek.
Honen aurrean, atzo udalak azalpenak eman zituen, baina Gorosabel ez zen izan agerraldian: «Obra txikia zelakoan baimena eskatu zuen baina lanean hasi zenean konturatu ziren bigarren obra bat ere behar zela. Horrek proiektua eskatzen du, baina teilatua zabalik zeukanez obrarekin jarraitzea erabaki zuen, zegokion baimena eskatu gabe». Antza, espedientea hasi aurretik teilatuko obra legeztatzeko proiektua aurkeztuta zeukan, baina azken lanaren proiektua lanak amaitu ondoren egin zuen udalean; beraz, lizentziarik gabe egin zituen konponketak.
Alberdiren arabera, EAJren salaketa jaso zuen udalak urtarrilaren 31n, eta otsailaren 5ean dekretu baten bidez gaia ikertzeko agindua eman zuen alkateak berak. Bertan, udal zerbitzu teknikoek Gorosabelen Mokoroa baserrian «EAJk aurkeztutako idazkian aipatzen ziren lanak kontuan hartuta», hirigintza ikuskapena egin zezaten galdegin zieten, ondoren zerbitzu teknikoek zegozkien txostenak egin zitzaten, lanak baimenik gabe egin ziren ala ez argitzeko eta egindako lanak legeztagarriak diren edo ez jakiteko.
Estalpea, «legeztatu ezina»
Txostena eskuartean, lanak lizentzia gabeak izanik, teilatu erdiaren eraberritze lanak legeztatzeko espedientea zabaldu dute. Horrez gain, aurretik egindako beste estalpe batek ere baimenik ez duela jakin dute teknikariek, eta «legeztatu ezina» dela ere iritzi diote, katalogazio berezia daukalako baserriak. Dena den, Gorosabeli hilabete eman diote legeztagarria dela justifikatzeko, eta aldundira ere bideratu dituzte argibideak. Horren guztiaren aurrean, espediente zigortzaile bat ere hasi dute haren aurka.
Gorosabelen jokaera gaitzetsi du udal gobernuak, baina Alberdik azpimarratu du taldeak gauzak «ondo» egin dituela, «epe barruan eta hasieratik neurri guztiak hartu» dituelako, «edozein herritarri eskatzen zaion bezala».
Adierazi dute azterketa teknikoaren eta juridikoaren amaierako txostena ostegunean osatu zutela teknikariek, EAJk bere eskaera zabaldu zuen egun berean. Azkoitiko Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Saileko arduradunari, idazkaritzari eta baserriko jabeei bezala, teknikarien erabakien berri ziren ematekoa EAJri ere, alkateak hala agindu bezala. Hala, jeltzaleen jarrera salatu du EH Bilduk, gaia «modu honetara zabaltzea ez delako etikoa», «EAJk bazekielako gai honen inguruan neurriak hartuta zeudela eta bere bidea segitzen ari zela».