Azkoitiko EAJk zalantza du Gorosabel zinegotziak legez egin dituen Mokoroa baserriko obrak

Urola Kostako Hitza 2015eko maiatzaren 1a

Jeltzaleek esan dutenez orain dela hiru hilabete Azkoitiko Udalari Mokoroa baserriko lanen inguruko Txosten Juridiko Teknikoa eskatu zioten

Azkoitiko EH Bilduko Inaxio Gorosabelek bere baserrian, Mokoroan, egindako lanak beharrezko baimenak lortu gabe egin dituela uste du Azkoitiko EAJk. Euren susmoa betetzen den ziurtatu ahal izateko, orain dela hiru hilabete Azkoitiko Udalari Mokoroa baserriko obren gaineko Txosten Juridiko Teknikoa eskatu zioten jeltzaleek. Erantzunik ez dutela jaso eta, berriro eskatu dute txostena udaletxean. "Txostena lehenbailehen egiteko eskatu dugu, Inaxio Gorosabel zinegotziak bere baserriko obrak lizentziarik gabe egin zituen ala ez jakitea nahi dugulako", esan dute EAJkoek. Udaletxean EAJkoek aurkeztu duten idatzian diote, "ahalik eta azkarren" nahi dutela, "Inaxio Gorosabel zinegotziaren baserrian egin diren lanen gaineko Txosten Juridiko Teknikoa jasotzea; bertako teilatuan egindako azken obrez gain, lehendik bere baserrian eginda duen portxea legeztatuta duen ala ez jakinaraziz". Horrez gain, udalaren baimenik bazuen edo ez jakin nahi dute EAJkoek, eta obren espedienteen datak eskatu dituzte. Gorosabelek baserrian egindako obrak "legez kanpo egindakoak" badira, ondorioz dituen zigorren berri ematea ere eskatu diote udalari EAJkoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide