Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gosearen Aurkako Ekintza Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu ohi du elkartasun lasterketa, eta aurten, Azkoitiko Floreaga ikastetxeak bat egin du egitasmoarekin. Hala, lehenengo aldiz egingo dute Azkoitian Gosearen aurkako lasterketa, eta hasiera batean, datozen urteetan ere egiten jarraitzeko asmoa dute.
Bihar (osteguna) egingo dute lasterketa, Floreaga ikastetxeko jolastokian, 15:00etatik 17:00etara artean. Han, distantzia desberdinetako ibilbideak zehaztuko dituzte. Adinaren arabera, txanda desberdinak egingo dituzte, eta parte harte hartzaileek nahi beste itzuli egingo dituzte korrika. Amaitutakoan, ekarpen ekonomiko bat egingo dute. Era berean, guztiei fruta banatuko diete, "elikadura jasangarri eta osasungarrien garrantziaz jabetzeko". Edonork har dezake parte lasterketan, eta aurten, jasotako dirua Burkina Fasora bideratuko dute.
Munduko herrialde desberdinetan dagoen elikadura-urritasunari eta honek eragiten dituen ondorioei aurre egiteko asmoz antolatu ohi du taldeak lasterketa duela hemezortzi urtetik. Ikastetxearen arabera, elkartasuna eta osasuna batzen dituen ekintza "motibagarria eta hezitzailea" izan ohi da.
Misio Erakusketa, Torre Zurin
Bien bitartean, Torre Zuri erakustokian Misio Erakusketa ibiltaria ikusgai da igandera bitartean. Don Boscoren jaiotzaren 200. urteurrenean, honek duela 135 urte inguru hasi zuen Misio Ibilbidean "bidaia" bat proposatzen du erakusketak. Leku eta mota askotako objektuak aurkitu daitezke: musika trensa autoktonoak, maskarak, Beningo budu jainkoxkak, sendaketetarako tresnak, geziak eta arkuak… Horrez gain, paneletan misio herrialdeetako egoeren eta salestarren ekintzen berri ematen dute.