(Ane Olaizola) Azkoitiko Floreagan prest dituzte auzoko festak. Txapelketa, jan edan eta musika artean, ospakizunetan murgilduko dira bihartik igandera, eta beste urte batez auzoa bizirik dagoela erakutsiko dute jaien bidez, auzoa bizirik mantentzea baita Floreagako Festa Batzordearen helburua. Lehenengoz, txupinazoarekin hasiko dituzte festak, baina oro har, urteroko egitaraua prestatu du festa batzordeak, eta iaz hasitako ekintzei eutsiko diete; hala nola, Patata Tortilla lehiaketa eta Gazte Gaua egingo dute berriz. Iaz, txosnak jarri zituzten auzoan, eta Gazte Gauak izan zuen erantzuna ikusita, aurten bi egunetara luzatu dute. «Erromerietara jende gutxiago joaten da, eta jendea erakartzeko ekimen berriak antolatu ditugu», esan dute antolatzaileek. Gainontzeko ekintzak, berriz, ohitura bihurtu dira azken urteetan; duela 17 urte antolatzen hasi ziren bolo txapelketa ezaguna bihurtu da festetan, eta auzotarrek ez ezik, edozein herritarrek hartu dezake parte bertan. Gurutzetxoko Krosak ere gorakada nabarmena izan du azken urteetan, eta aurten ere 200 umeetara iristea espero dute. Umeak (2010ean jaiotakoak), gaztetxoak, (2007tik 2009ra jaiotakoak), aurrebenjaminak (2003-2004), infantilak (2001-2002) eta amek hartu ahal izango dute parte. Txapelketek ere tarte berezia izango dute; mus txapelketan, guztira 300 euro baino gehiago banatuko dituzte saritan, eta bikoteek 20 euro ordainduko dute izena ematerakoan. Eskoba txapelketa ere egingo dute, eta harako 15 eurotan jarri dute izena ematea. EGITARAUA:
- Apirilak 30, bihar
- Maiatzak 1, ostirala
- Maiatzak 2, larunbata
- Maiatzak 3, igandea