Azkoitia Baik udalaren funtzionamendua aldatu nahi du

Ane Olaizola 2015eko apirilaren 29a

Azkoitia Bai koalizioak udal hauteskundeetarako taldea aurkeztu du Elkargunean. Irabazi koalizioak eta Batera herri plataformak osatu dute Azkoitia Bai taldea, eta adierazi dutenez, oraindik ez dakite Podemos alderdiak babestuko al duen; erantzunaren z...

Azkoitia Bai koalizioak udal hauteskundeetarako taldea aurkeztu du Elkargunean. Irabazi koalizioak eta Batera herri plataformak osatu dute Azkoitia Bai taldea, eta adierazi dutenez, oraindik ez dakite Podemos alderdiak babestuko al duen; erantzunaren zain daude.

Jose Joakin Etxaniz da koalizioaren zerrendaburua, eta berarekin batera aurkezpenean parte hartu zuten Ana Albizuri, Jose Antonio Hidalgo, Ana Zubizarreta, Julen Garate, Olalla Epelde eta Modesto Larrañaga taldekideek. Datorren agintaldian udalaren funtzionamendua «goitik behera» aldatu nahi dute. «Planteamendu berritzailea» plazaratu dute horretarako, eta besteak beste, udaleko batzordeetan parte hartzeko zinegotzi izateko derrigortasuna kendu nahi dute, interesa duten edo adituak diren herritarrei ere taldeko kide izateko aukera emanez: «Udaleko batzordeak soilik zinegotziek osatzeak asko mugatzen du parte hartzea, eta bereziki ordezkaritza txikiagoa daukagun taldeak kaltetzen ditu». Koalizioaren ustez, beraz, batzordeek udal hauteskundeen araberako ordezkaritza izan beharko luke, eta herritarrei ere aukera eman beharko litzaieke.

Bestetik, parte hartzean sakondu nahi du Azkoitia Baik, eta herrian aholkulari sarea osatzeko asmoa daukate, hilero udaleko gai garrantzitsuenen informazioa jaso eta udalari ekarpenak egin diezaieten. Horrez gain, udalak herri galdeketak urtero egin ditzan nahi dute. «Hondakinen bilketaren gainean egindako galdeketak izan dituen zailtasun formalak ikusita, beste era batera egin behar direla uste dugu». Galdeketa egitea baino, herritarrei informazioa eskatzea proposatu dute, parte hartzea errazteko asmoz.

Oraindik itxi gabe daukate hauteskundeetako programa, eta herritarren ekarpenetara zabalik daudela adierazi dute. Dena den, aurreratu dute datorren agintaldian Nagusia 80 eraikina eraberritzeari emango diotela lehentasuna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide