Udalaren funtzionamendua "zeharo" aldatu nahi du Azkoitia Bai-k

Ane Olaizola 2015ko api. 28a, 11:42

Azkoitia Bairen talde aurkezpena, Elkargunean
(Ane Olaizola) Azkoitia Bai koalizioak udal hauteskundeetarako taldea aurkeztu du Elkargunean. Jose Joakin Etxaniz da koalizioaren zerrendaburua, eta adierazi duenez, datorren agintaldian udalaren funtzionamendua "goitik behera" aldatu nahi dute. "Planteamendu berritzailea" plazaratu dute horretarako, eta besteak beste, udaleko batzordeetan parte hartzeko zinegotzi izateko derrigortasuna kendu nahi dute, interesa duten edo adituak diren herritarrei ere taldeko kide izateko aukera emanez: "Udaleko batzordeak soilik zinegotziek osatzeak asko mugatzen du parte hartzea, eta bereziki ordezkaritza txikiagoa daukagun taldeak — azken agintaldian Azkoitia Bai eta PSE-EE — kaltetzen ditu". Koalizioaren ustez, beraz, batzordeek udal hauteskundeen araberako ordezkaritza izan beharko luke, eta herritar ere aukera eman beharko litzaieke.  Parte hartzean sakondu nahi du Azkoitia Baik, eta herrian "aholkulari sarea" osatzeko asmoa daukate, hilero udaleko gai garrantzitsuenen informazioa jaso eta udalari ekarpenak egin diezaieten. Hain zuzen, Parte Hartze Batzordean, urtarrilean, proposatu zuten udalak sarea osatu dadin, eta 2015ean 500 aholkulari lortzeko helburua daukate. Horrez gain, udalak herri galdeketak urtero egin ditzan nahi dute. "Hondakinen bilketaren gainean egindako galdeketak izan dituen zailtasun formalak ikusita, beste era batera egin behar direla uste dugu". Galdeketa egitea baino, herritarrei "informazioa" eskatzea proposatu dute, parte hartzea errazteko asmoz. Honako zerrendakide eta taldekideekin batera egin du agerraldia Etxanizek: Ana Albizuri (2), Jose Antonio Hidalgo (3), Ana Zubizarreta (4), Julen Garate (5), Olalla Epelde (8) eta Modesto Larrañaga. Oraindik itxi gabe daukate hauteskundeetako programa, eta herritarren ekarpenetara zabalik daudela adierazi dute. "Programa beti herritarrei irekita egongo da". Dena den, aurreratu dute datorren agintaldian Nagusia 80 eraikina eraberritzeari emango diotela lehentasuna. Eliza atarian aldamioez estalita dagoen eraikinaren egoerari irtenbidea emateko, zinegotzi bat egotea eta ahal bada, "alkatearen ardura" izatea proposatu dute, eta eraberritzearen jarraipena egiteko prest azaldu da koalizioa bera. Irabazi koalizioak eta Batera herri plataformak osatzen dute Azkoitia Bai taldea, eta adierazi dutenez, oraindik ez dakite Podemos alderdiak babestuko al duten; erantzunaren zain daude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide