Iraurgi Saskibaloi Taldeak alboan Anaitasuna Futbol Taldea izan du Azkoitiko azoka antolatzeko. Ostegunean zabalduko dute karpa, eta hamar egunetan ekintza ugari egingo dituzte
Ohiko azokatik haratago, kultur, kirol eta aisi egitarau zabalarekin eta interesgarriarekin osatu dute aurtengo Azkoitiko Garagardo Azoka, garagardoak dastatzeaz gain askotariko beste hainbat ekintza izango baitituzte hamar egunetan. Aurten, gainera, Iraurgi Saskibaloi Taldeak Azkoitiko Anaitasuna Futbol Taldearekin elkarlanean antolatu du egitasmoa, azoka bera indartzeko asmoz. «Iraurgitik laguntza eskatu genien Anaitasunakoei, ikusten genuelako bakarrik eginda azokak Azkoitian ez zuela ondo funtzionatzen», adierazi du klubeko lehendakari Maier Lizasok. Anaitasunarentzat, berriz, «esperientzia berria» da azoka antolatzea, baina aurrerantzean ere herrian eragile bat izan nahi duela azpimarratu du. Bien arabera, elkarlan ona egin dute, eta luzerako izatea espero dute.Egitarauari buelta eman nahi izan diete, eta besteak beste familia giroa sustatu nahi dute, haientzako ekintzak prestatuz. Herritar gehiago erakartzeko, «lan asko» egin dute, eta gustura daude emaitzarekin. Izan ere, antolatzaileen arabera, «inoiz baino azoka hobea» izango da aurtengoa, eta hain zuzen, elkarlana herritarrentzat «aurrerapauso handia» dela gaineratu dute. Azokara joaten zirenen kopurua gutxitzen joan dela ikusita, dataz ere aldatu dute aurtengoan, eta ekainean izan beharrean maiatzean egingo dute, egokiagoa izango delakoan.
Ostegunetik maiatzaren 9ra bitartean iraungo du Garagardo Azokak. Etzi, 20:00etan inauguratuko dute azoka, Xabier Oroz eta Igor Zubeldia saskibaloi eta futbol jokalariekin, eta hurrengo egunetan 19:00ak eta 20:00ak ingurutik 02:00etara egongo da zabalik plazan jarriko duten karpa. Azokari dagokionez, hamabi garagardo mota eskainiko dituzte, eta aurten, berrikuntza bezala, ohiko kañak, ogitartekoak eta freskagarriak ere salduko dituzte.
Udalaren laguntzarekin antolatzen dute azoka, eta bi taldeei aitortu die «lan oso ona» egiten ari direla gazte eta umeekin. «Bide horretan udala alboan egongo da». Elkarlana, berriz, «oso positibotzat» jo du udalak.