«Pertsonak lehenetsiz, gobernu eta administrazio kudeaketa ona egiteko prestatutako taldea»osatu du Azkoitiko EAJk. Ostiral arratsaldean aurkeztu zuen alderdiak udal hauteskundeetarako zerrenda, eta Javier Zubizarreta alkategaiak adierazi zuen «herrigintzan» arituko direla, «karrera politikorik» egin gabe: «Ez dugu helburu politikorik. Pertsonentzat lan egin nahi dugu, herriarentzat. Borondate honek, noski, kudeaketa eta baliabideekin batera joan behar du».
Hautagaiek adierazi zuten industria, merkataritza eta baserri munduarekin harremanak eginda dituztela, eta horien inguruko diagnostikoa ere bai. Hain zuzen, euren hautagaiek «kudeaketa ona, gustuz egina eta planifikatua» dutela esan zuten. «Hori guztia errespetutik eta lortu ahal dugunaren konbentzimendutik egingo dugu, promes faltsurik eta inposaketarik gabe». «Herriaren zerbitzura» egon behar dutela uste dute, horiek direlako «herriaren jabe bakarrak»; euren eskubideak gauzatu eta betebeharrak beteko dituzten herritarrez hitz egin zuen Zubizarretak.
EAJren ustez, «hurbiltasuna» indartu behar da, elkarbizitzarako bidea delakoan. «Diplomazia gehiago eta istilu gutxiago behar dugu, jarrerak hurbiltzeko eta indarrak batzeko, interes orokorraren alde». Azaldu dutenez, egina dute Azkoitirako proiektua, eta programarekin aurkeztuko dute, maiatzaren 7an, 19:00etan, Elkargunean.