Korrikalariak, Plaza Berritik
(Maxixatzen)
Izarraizko XI. Mendi lasterketa jokatu zuten larunbat arratsaldean, Azkoititik abiatuta, eta Aitor Osa debarra izan zen azkarrena, 01:50:48 denborarekin. Haren atzetik, Jose Maria Bernedo (01:53:08) eta Unai Oria (01:58:38) helmugaratu ziren, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Aitziber Ibarbiak irabazi zuen lasterketa, 02:16:08 denbora eginda. Bigarren postuan Maria Zorroza (02:18:14) geratu zen, eta hirugarrengoan Nerea Amilibia aiarra (02:24:52). Lehenengo azkoitiarrak, berriz, Arkaitz Iraeta (02:05:58) eta Ainhoa Larrañaga (02:52:08) izan ziren. Sailkapen orokorrean 13. eta 154. postuan sailkatu ziren horiek, hurrenez hurren.
Aurten, Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatu du mendi lasterketa, eta horiek igande goizetik larunbat arratsaldera aurreratu zuten proba. Plaza Berritik hasita, 21 kilometro egin zituzten Izarraitzen korrika. 212 lagunek amaitu zuten proba.