Euskararen erabileran eragin nahi du ‘Maxixatzen’ herri komunikabideak

Ane Olaizola 2015ko api. 23a, 16:48

Sei urteko etenaren ondoren, martxan da berriro Maxixatzen herri komunikabidea, eta haren berri emateko aurkezpen irekia egin zuten atzo Naroa Olalde elkarteko lehendakariak, Olaia Juaristi Maxixatzeneko kazetariak, Urko Aristi Tokikomeko lehendakariak eta Josu Azpillaga Codesyntaxeko arduradunak. 50 lagun inguru bildu ziren Elkargunean, eta herri komunikabidearekin hizkuntzaren erabileran eragin nahi dutela berretsi zuten ordezkariek. «Euskal hiztunen komunitatea trinkotu nahi dugu, eta euskararen aldeko dinamika bat sortzea izango da komunikabidearen iparra», adierazi zuen Olaldek.   Atzo, proiektuaren berri ematen, Elkargunean
(Maxixatzen) 2009ra bitartean egon zen martxan Maxixatzen aldizkaria. Dena den, ordutik lanean jarraitu du elkarteak. 2012an, Azkoitiko euskararen inguruko azterketa baten ikusi zuten gehienek El Diario Vasco eta Mundo Deportivo egunkariak irakurtzen zituztela eta kultur erreferentzia gehienak «atzerritarrak» zituztela. Hala, komunikabidearekin euskararen esparruak indartzea izan da euren helburua. Olaldek azpimarratu zuen Euskara Elkartea osatzen duten taldeek herri komunikabide baten «hutsunea» sumatzen zutela; «herritarren artean ere sentipen hori bazegoen, eta beraz, herritik sortutako egitasmoa izan da». Aurreko proiektuaren jarraipena izango da, eta lehen zuten «erreferentzia» lortu nahi dute. Bi euskarri ditu Maxixatzenek; hilabetekaria eta webgunea (www.maxixatzen.eus). Aldizkariari dagokionez, lehen bost aleak doan banatuko dituzte, baina gero soilik bazkideek jaso ahal izango dute. Produktu «erakargarria eta bizia» egin nahi dute, iritzi artikuluez, Kajie ta desditxie atal ezagunaz, elkarrizketez, erreportajeez, lehiaketez edo agendaz osatuta: «Webgunea ez bezala, aldizkaria patxadaz irakurtzeko produktua izango da», esan zuen Juaristik. Komunitatearen indarra Herrikoa ez ezik, «Euskal Herriko bokazioa» izango du Maxixatzenek. Izan ere, euskara elkartea Topaguneko kide den bezala, herri komunikabidea Tokikom plataformakoa izango da. Codesyntasek garatzen ditu Tokikomeko komunikabideetako webguneak, eta enpresako arduradun Josu Azpillagak haien ezaugarriez hitz egin zuen. «Ondo funtzionatu» dezaten, egunerokotasunari lotutako elementuek eta komunitateak garrantzia berezia dutela azpimarratu zuen: «Komunikabide batentzat ezinezkoa da herriko albiste guztiak biltzea, eta komunitatearen bidez ahotsa ematen zaie herriko taldeei, beren gogoetak, albisteak, emanaldiak... plazaratu ditzaten». Inguruko komunikabideen edukiak hara integratzeko asmoa ere badute, eta ataria zerbitzuen bidez ere osatuko dute. «Gertuko informazioa» eskainiko dute, eta hain zuzen, tokiko kumumikabideen indargunea «hurbiltasuna» dela berretsi du Aristik, eta horrek sinesgarritasunean eragiten duela gaineratu du. Euskal Herriko 60 komunikabide inguruk osatzen dute Tokikom, eta hango lehendakariaren arabera, sarearen bidez «ikuspuntu osatua» eman nahi diete, «lokalismoari uko egin gabe». Komunikabidek elkarren artean zubiak eraikitzen dituztela esan zuen, eta horiek duten eskarmentua Maxixatzenentzat onuragarria izango dela uste du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide