Udaleko eta aldundiko ordezkariak, atzo, San Jose egoitzan
(Ane Olaizola)
2008 Gizarte Zerbitzuen Legea betetzeko, Azkoitiko San Jose Egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratuko da urtea amaitzerako. Izan ere, legez, aldundiaren eskumenekoak dira adinduen egoitzak, eta Gipuzkoako 16 udal egoitzen kudeaketa bere gain hartzeko —tartean Azkoitiko San Jose eta Zumaiako San Juan egoitzak— Kabia erakundea sortu dute. Batzar Nagusiek dagoeneko onartu du eskualdatzeko proiektua, eta kontratuak formalizatzeko hitzarmena sinatuko dute aldundiak eta udalak hurrengo hilean.
Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguez, Erakunde Publikoetarako zuzendari Pablo Garcia, Azkoitiko alkate Urrategi Alberdi, gizarte zerbitzuetako zinegotzi Esther Lizarralde eta hango teknikari Xabier Arrieta Azkoitiko egoitzan izan ziren atzo, egoera bertatik bertara ikusi eta lasaitasun mezua helarazteko. Izan ere, langileak subrogatu egingo dituzte, eta beraz lanpostu eta baldintza guztiak mantentzeko konpromisoa hartu dute. «Prezioan ez da aldaketarik izango, ezta zerbitzuen kalitatea ere», gaineratu die Rodriguezek senideei eta egoiliarrei. Era berean, gogoratu dute orain arte udalak izan dituela harremanak egoitzarekin, eta modu horretan jarraitzeko prest da aldundia. Beraz, udala ere jarraipen batzordean egongo da.
Eguneko Zentroa eskuz aldatzeko, udalak hango ondasunak utziko dizkio aldundiari, eta hango zerbitzu guztiak —adinduen egoitza, eguneko zentroa eta adinekoentzako apartamentu babestuak— pasatuko dira aldundiaren eskuetara. Dena den, hasiera batean udalaren eskumenekoak dira apartamentuak, baina haiek egoitzaren barruan daudenez, hiru zerbitzuak kontratu bakarrean sartuko dituzte. Hala, apartamentuen kudeaketa aldundiak subrogatuko du, baina zerbitzua udalak eskaini eta finantzatuko du.
Langileak, «lasai»
Eskualdaketa urtea amaitzerako egingo badute ere, epe guztiak zehazteke dituzte oraindik. Dena den, Rodriguezek aurreratu du kontratua esleitu egingo duela, eta orduan hasiko dela kudeatzen. Aurretik, trantsizio epe bat izango dute.
Udalarekin sinatuko duten hitzarmenean «blindatu» egingo dituzte egoitzako langileen lan baldintzak, eta zentzu horretan Larraitz Olaizola egoitza kudeatzen duen Biharko enpresako zuzendaritza teknikoko kideak eta Nekane Plazaola egoitzako zuzendariak «lasai» daudela adierazi dute: «Ez dugu inolako aldaketarik izan, eta langileen aldetik ere ez dugu urduritasunik sumatu. Aldundiak hasieratik esan digu langile guztien baldintzak mantenduko dituztela, eta guztiak subrogatuko garela. Orduan, gure egunerokotasunean ez da ezer aldatu». 60 langiletik gora daude San Jose egoitzan, eta 100 egoiliar inguru zaintzen dituzte.
Alberdik, bere aldetik, egoitzaren «egoera ona» azpimarratu du, eta ildo horretan langileek, herritarrek eta karidadeko mojek egindako «lan ona» goraipatu du.