Lehenengo aldiz Gazte Eguna ospatuko dute Azkoitian

A. Olaizola 2015eko apirilaren 16a

Lehenengo aldiz, Gazte Eguna ospatuko dute etzi Azkoitian, Gaztien Herrixe Moiu Ipurdixe parte hartze prozesuko kideek horretarako konpromisoa hartu eta gero. Iaz egin zuten prozesua, gazteak elkartu eta elkarrekiko zubiak eraikitzeko, eta larunbatean ...

Lehenengo aldiz, Gazte Eguna ospatuko dute etzi Azkoitian, Gaztien Herrixe Moiu Ipurdixe parte hartze prozesuko kideek horretarako konpromisoa hartu eta gero. Iaz egin zuten prozesua, gazteak elkartu eta elkarrekiko zubiak eraikitzeko, eta larunbatean ospatuko duten eguna horren emaitzetako bat da. Gazteek askotariko ekintzak izango dituzte goizetik hasita.

Txupinazoarekin hasiko dute eguna, 11:00etan, Balda Plazan, eta jarraian jolasak egingo dituzte. Izena emateko epea egunera bertara luzatu dute. Sei laguneko taldeak osatu eta aurrez izena Facebook-eko Moiu Ipurdixe kontuan, udaletxeko sarreran edo I-Gaztean, edo egunean bertan plazan eman behar da. Asteburu bat Bertizen igarotzeko eta abenturazko ekintza bat jasotzeko saria dago irabazleentzat. Kontrako Eztarrixe irratiak, berriz, Molotov zuzeneko saio berezia egingo du, eta 13:30ean triki poteoa hasiko dute. 14:30ean, parrillada egingo dute, Ikurrinaren plazan. Janaria norberak eramango du, eta txotxa egongo da. Arratsaldean Azkoitiko Duatloia animatzera joango dira, eta Ze Esatek! taldearekin kontzertua izango da 23:00etan. Herriko gazte guztiak animatu dituzte bertan parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide