Larunbatean jokatuko dute proba
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Triatloi Taldeak, Gipuzkoako Triatloi Federazioak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuta, Azkoitiko XVI. Duatloia jokatuko dute larunbat arratsaldean, eta aurten, Euskal Herriko Txapelketa ez ezik, Absolutuen Gipuzkoako Txapelketa ere izango da distantzia motzean. Herriko plazatik hasita, 15:15ean hasiko da emakumezkoen lasterketa, eta hamar minutu geroago gizonezkoen txanda izango da.
Duatloiko Euskal Herriko zirkuituan egingo den azken proba izango da Azkoitikoa, eta guztira 48,5 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek. Iaz estreinatu zuten ibilbide berdina izango dute aurten, eta lehendabizi 10 kilometro egingo dituzte korrika. Herrigunean, 3,3 kilometrotako ibilbideari hiru itzuli emango dizkiote. Ondoren, 34 kilometro egingo dituzte bizikletan, Urretxu-Zumarragara joan-etorria eginez. Azkenik, 4,5 kilometro egingo dituzte korrika, herrian bi bira emanda.
Lasterketan parte hartzeko izena ostiraleko 22:00ak bitartean eman daiteke. Internetez egin behar da, www.triatloi.org helbidean. Federatuek 15 euro ordainduko dute, eta federatu gabekoek 25 euro. Era berean, txip horia ez dutenek beste bi euro gehiago ordaingu beharko dute. Gehienez 216 korrikalarirentzako lekua prestatu dute antolatzaileek, eta oraingoz 100 lagun inguru daude izena emanda. Dena den, antolatzaileek jakin badakite gehienek azken egunetan ematen dutela izena; beraz, aurreko urteetan bezala, 200 lagun inguruk parte hartzea aurreikusten dute.
Irteera eta helmuga bezala, boxes gunea ere plazan egongo da. 14:00etatik 15:00etara bitartean egongo da zabalik probarako beharrezko materialak prestatu eta han uzteko. Dortsalak, berriz, 13:00etatik lasterketa hasi baino 45 minutu lehenagora bitartean banatuko dituzte, plazan.
Larunbateko lasterketako sariez gain, Euskal Herriko txapelketako maila guztietako sariak eta Gipuzkoako absolutuenak ere banatuko dituzte aurtengoan. 18:30ean hastea aurreikusten dute, plazan bertan. Lasterketa behar bezala eramateko aurrera, oraingoan ere boluntarioen laguntza izango dute antolatzaileek, eta hain zuzen, Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkarteak bazkideei eskatu egin die bidegurutzeak zaintzen lagundu dezaten. Horretarako, 14:00ak eta 14:30eak artean plazara agertzeko deia egin die. Udalaren babesa eta Azkoitiko eta Azpeitiko saltoki eta enpresa ugariren laguntza jasotzen du lasterketak, eta haiei eskerrak eman dizkie antolatzaileek.